Ingeteamek General Electricen Ortuellako lantegia erosi du

Urtarrilean irekiko du planta, 50 langilerekin. Informazioa eskatu dute General Electricek kaleratutako langileek, jakiteko ea lanera itzuliko diren

Jon Fernandez.
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ingeteam Bizkaiko konpainiak lantegi berri bat jarriko du martxan Ortuellan (Bizkaia), 50 langilerekin, urtarriletik aurrera. General Electricek herri horretan itxita zeukan lantegia erosi du. Konpainia estatubatuarrak iazko azaroan itxi zuen Ortuellako lantegia, lan erregulazio espediente baten bitartez 136 langiletik 98 kalera bota eta gero. Gainontzeko 38 lanpostuak konpainiaren beste lantegi batzuetan txertatzeahitzartu zuen. Baina, orain, Ingeteamek lantegia erosi eta 50 lanpostu iragarri dituenez, General Electricen espedientearen jarraipenerako batzordeak bilera eskatu dio enpresari, argitu diezaion ea lehengo langileak kontratatuko dituen Ingeteamek.

Espedientearen jarraipenerako batzordeak ez zeukan Ingeteamen erosketaren berri, nahizeta jakin Bizkaiko enpresak bazuela interesa. Batzordeak gogora ekarri du dosierra hitzartu zutenean bazegoela konpromiso bat kaltetutako langileak lanpostu berrietan jartzeko, baldin eta erosleren bat agertuko balitz eta jarduera berri bat martxan jarriko balu.

Potentzia bihurgailuak

Horixe gertatu da, baina batzordeak duda dauka Ingeteamek zer motatako langileak behar dituen, zein ote den nahi duen soslai profesionala. Zalantzak uxatzeko, elkarrizketa eskatu diote General Electriceko kudeatzaileei.

Konpainiak eta langileen ordezkariek 98 beharginen irteera ordenatua adostu zuten iazko azaroan, eta, lantegiaren lan kargari erantzun ahal izateko, produkzioa txikituz joan ziren, harik eta joan den uztailean planta behin betiko zarratu zuten arte.

Orain arte zentral hidrauliko txiki eta ertainetarako motorrak ekoizten zituzten Ortuellako plantan. Ingeteamek, ordea, potentzia bihurgailuak egingo ditu bertan, trenen, meatzaritzaren, ontzigintzaren, siderurgiaren, sorgailu planten, sare elektrikoen eta energia biltegiratzeen sektoreetan erabiliko direnak.

General Electrici erositako lantegia Abra industrialdean dago: 5.500 metro koadro dauzka fabrikaziorako, eta beste 1.000 metro koadro bulegoetarako. Ingeteamek sei lantegi dauzka Bizkaian, eta horietan 500 behargin ari dira lanean. Hala ere, konpainiak 22 herrialdetan ditu plantak, eta 3.900 langile dauzka guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.