Lau urtean hamazazpi milioiko inbertsioa egingo dute Vicrilaren jabe berriek

Aurten 25 milioi euro fakturatuko ditu beiragileak, eta 2022rako kopurua bikoiztu nahi du. Ekoizpena automatizatzeko izango da inbertsioa

Vicrilako lantegian egiten dituzten kopak ekoizpen lerroan, atzoko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Leioa
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Egoera zailean egon da Leioako (Bizkaia) Vicrila lantegia ia bi urtez. 2016ko abenduan hartzekodunen konkurtsoan sartu zen beira lantegia, eta ekainean gainditu zuen egoera hura, Mivaricar taldeak erosi ostean. Iraganeko mamuak uxatu dituztela dirudi. Izan ere, datozen bost urteetarako den plan estrategikoa aurkeztu zuen Fernando Bermejillo zuzendari nagusiak, atzo, eta urte amaieran fakturatzea espero duten 25 milioi euroak bikoiztu nahi dituzte 2022. urterako. Hau da, uste dute bost urtean egungo salmentak halako bi egiteko gai direla.

Hori horrela izan dadin, hamazazpi milioi euroren inbertsioak egingo dituzte Lamiakoko beira lantegian, eta automatizazioari bide emango diotela azaldu zuen zuzendariak. Horiek horrela, gastuak %1,5 txikituko lirateke. Ez hori bakarrik, Bermejillok uste du inbertsio horiek ekoizpenean bertan «malgutasuna» ekarriko dutela, beira egiteko labeetan automatizazio handiagoa ezartzea baita asmoa. Eta horrek bestelako produktu berriak eskaintzeko aukera ere zabalduko dio Vicrilari. Bermejillok argi azaldu zuen bide horretan helburua zein den.«Ekoizpen prozesuetan balio gehiago sortu, eta eskaintzen diren produktuetan ahalmena handitzea lortu nahi dugu kostuak eta energia gastuak murriztuz».

Bide horretan, datozen urteetan Vicrilak nazioartean duen presentzia areagotzea izango da lantegiko zuzendaritza berriaren helburua. Esportazioak %60ra iristea nahi du Bermejillok, eta, hori horrela izateko, aurreratu zuen AEBetako merkatuan sartzeko asmoa dutela. Hain zuzen, argitu zuen aliantza komertzialak lortu dituztela Neville eta Pavisa enpresekin, eta horien bidezAEBetan sartzeko aukera izango dutela. «Fakturazioa bikoizteaz aparte esportazioan indar handiagoa egin nahi dugu, eta iruditzen zaigu, gainera, horretarako aukerak dauzkagula».

Era horretan, lantegiak dauzkan 237 langileei eutsi ahal izango die Vicrilak. «Aurrera begira ahal den neurriko hazkundea edukiko dugu langileen aldetik». Une honetan dauden langile horien «ahalmena hobetzeko» lan egingo du zuzendaritzak, ordea. «Datozen urteetan, hazkundean baino gehiago, langileen egokitzapenean eta antolaketa berrian jarriko dugu oinarria».

Energia kostu altuak

Hazkundean oinarritutako aurreikuspen positiboak egin zituen Bermejillok, baina ostarteen artean lainorik ere ikusi zuen. Energia kostuak %8 handitu zaizkio beira lantegiari urtea hasi zenetik. «Aurrekontuetan goranzko joera bat aurreikusi genuen, baina horiek ere gainditu ditu errealitateak». Gaur egun 400.000 eta 500.000 euro artean ordaintzen dute hilabeteko fakturan, «gasaren gorakadagatik batez ere». Horregatik, batez ere energian egiten duten gastua txikiagotzeko izango dira egingo dituzten inbertsioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.