Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Artha

2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Batzuentzat jatetxera joan eta afari bikaina egitea festa den bezala, nire plazera ikuskizun ederrez gozatzea da. Eta plazera handiago obraren kalitateari bertakotasuna gehitzen zaionean.

Pantxika Telleriaren Artha dantza piezak nire itxaropena bete ez, gainditu egin du, joan den ostiralean Senpereko Larreko gelan ordubete pasako bidaia poetikoa eskainirik.

Nola adierazi gorputzen hizkuntzaren berehalakotasuna hitzez, dantzaren sena bera mugatu gabe? Mugatuko dut nahi eta nahi ez, eta muga da hain zuzen Artha-k biziarazten duen esperientzia.

Zokoko itsasertzean XVIII. mendean eraikia izan zen dikea gure eguneroko paisaia kolektiboan sartua da, gure ADNn idatzia, gaztelu babesleak botatzen duen itzalak horma bihurtu izan balu bezala.

Hemengoentzat Artha atea da; itxi eta irekitzen den atea, itsaso zabala eta lehorra lotzen dituena.

Joan, itsasoaren deia entzun eta erantzun, erro likidoetan finkatu eta eramana izan. Desorekarekin jostatzen dira etengabe bost dantzariak, eta desoreka horren joan-jinean naramate neu ere, uhinen hariaren gainean dantzan.

Joan, urratsa eman, erabaki, dantzari bakoitzak bere erritmoa du, bere pausoari bere istorioa josten dio, eta gorputz bakoitza bere arnasaldian dabil, astunago edo arinago, bakardadean, urratsak deliberatuz doazen arte. Branlearen «sinple»urrats ezaguna puntuatzera dator dantza osoan zehar, nongoak garen oroitarazteko bezala, nortasuna finkatuz modu sotilean baina, Artharen gainetik noiznahi jauzika ari diren uhin ttantten gisara.

Hatsa entzungai, hasbeherapena mugimenduaren lagun, besoak goraka gogortu ondoren jausten direneko arnasa ozena elementu bortitz bihurturik. Eta niri ereoharkabean azkartzen zait hatsa, zalutzen, eta berriz bizi ditut ekaitzaldiek nigan sortzen duten lilura, hutserako tirriaren antzekoa. Hantxe nago, Gotorlekuaren babesean, itsasoaren haserrea dastatzen ari, eta mihian gatza suma dezaket, Zokoko diketik Artha ikus dezaket erasoei aurre egiten, baita blokeen artetik borborka hagun zuria irakitan jalgitzen Paxkal Irigoyenen musikarekin batera.

Joan, askatu eta lotu, gorputzak bata bestearen bila ari dira, bata bestearengana hurbiltzen eta urruntzen ari, eta joateko beharra, askatzeko egarria dantzan jartzen da babes beharrarekin balantzan. Joan behar ote da hobeki itzultzeko? Gorputzak korapilatzen dira, metatzen, galderari ihardesteko...

Dantzariak urperatzen dira oraingoan. Besoak itsas belar, mugimenduak isurkor, urrats geldian. Ur handien sakonera daramate, gure baitako barnetasunera, tentsioak baretuz doaz, eta bizkarra eta lepoa lasaitzen zaizkidala ohartzen naiz. Pausa.

Lainoari ez natzaio berehala ohartu, ez dakit noiztik sartu den lainoa, baina argi urdinak lausotu ditu.

Gorputzak bertikalean jauzian ateratzen dira, urrunago baten bila, beste zerbaiten eske agian, dikean dauden zuloen artetik ura bezala, geyser txikien antzera, bestearengana bultzatzen duen indarrarekin. Urtzea eta urratzea: desira beraren bi aurpegiak.

Bukaeran etengabeko zirkulua osatuz dabiltza dantzariak espazioa zeharkatu eta beste aldetik berriz agertuz joanik.

Alde egiteko eskubidea jorratzen du pieza eder honek, loturak eteteko aukera, tradizioak edo familiak eragiten dituen mugak gainditzeko ahala, nonbaitekoa izateak ahalbidetzen duena betiere, eta Pantxikak nongoa den jakin badaki. Lohizundarrak hain gurea den eraikin txikia ametserako espazio unibertsala bihurtu du, bere erroak ahantzi gabe.

Ihes ederra zilegi da bai, ihesa eskaini dit niri ikusgarriak, eta artatua sentitu naiz, sinpleki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.