Bizkaiko metalgintzak 1.000 lanpostu berri sortuko ditu aurten

FVEM patronalak hitzarmena adosteko borondate falta egotzi die sindikatuei. LABek grebak egitea proposatu die beste sindikatuei
Metalezko piezekin lanean, Bilboko portuan, Haizea Winden lantegian, artxiboko irudi batean.
Metalezko piezekin lanean, Bilboko portuan, Haizea Winden lantegian, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia Jon Fernandez -

2019ko urtarrilak 17
Akordiorik egiteko gogorik ez izatea leporatu die sindikatuei Jose Luis Lopez Gilek, FVEM Bizkaiko metaleko patronaleko presidenteak. «Hauteskunde sindikalak gainean daudenez, sindikatu batzuek interes txikiena ere ez dute erakusten akordioa lortzeko, ezta borondaterik ere itunik sinatzeko, eta hori da kezkagarriena», adierazi zuen atzo Bilbon, sektorearen iazko balantzea egin eta aurrera begirako joerak azaltzeko agerraldian.

Sektoreko itun kolektibo falta gaitzetsi zuen, eta gogora ekarri 2003tik daudela sektoreko itunik gabe. 2008tik 2011ra eragin mugatuko lan itun bat sinatu zuten, baina harrezkero iraungita dago. Patronalak eta sindikatuek urteak daramatzate negoziatzen, baina adostasunik lortu ezinda.

Herenegun negoziazio bilera bat izan zuten alde biek, eta FVEMek 2018. urterako soldata KPI +%1,75 handitzea proposatu zuen, baina sindikatuek orain arte galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko eskatu diote. Lopez Gilek, berriz, erantzun zien 2008tik 2017ra arteko tartean langileen soldata KPIa baino bi puntu gehiago igo dela, batez ere 2018tik 2011ra bitarteko eragin mugatuko itunean soldata egunetzea inflazioa baino %2,05 handiagoa izan zelako.

Neurtutako baikortasuna

FVEMen buruak, edonola ere, esplikatu zuen sektoreko hitzarmen faltak ez duela gatazkarik ugaritu, halaxe adierazi baitiote patronaleko 232 enpresen %91k inkesta batean. Hain zuzen ere, sektorean «grebak» egiten hasteko garaia dela adierazi zuen atzo LABek. Sindikatu horrek ez du parte hartzen negoziazio mahaian iazko ekainaz geroztik; ELA, UGT eta CCOO ari dira negoziatzen patronalarekin.

LABen iritziz, «patronalak murrizketak eta langileen eskubideen galera proposatzen jarraitzen du». Horregatik, erantzun bateratua egiteko deia egin die ELAri, CCOOri eta UGTri.

Hitzarmenari buruzko negoziazioez gain, FVEMeko presidenteak iazko balantze ekonomikoa ere egin zuen atzoko agerraldian. 2018. urtea aurreikusi baino okerrago joan da Bizkaiko metalgintzan. 2017ko jardueraren parean amaitu du 2018a, iazko esperotako zenbakien azpitik. Egia da 2017an hazkunde handia izan zuela sektoreak, baina patronalak aurreikusten zuen iaz ere eutsi egingo zitzaiola maila horri. Hala eta guztiz ere, iazko irailera bitarte 1.148 lanpostu berri sortu ziren sektorean, eta aurten beste 1.000 sortuko dituzte.

FVEMek inkesta bat egin du elkarteko 232 enpresen artean, 2019rako joerak antzemateko. Enpresen %74k azaldu dute azken hiruhilekoan aurreikusitakoa baino bilakaera hobea izan dutela, eta aurrerantzean ere joera horri eustea espero dutela. Horregatik, urte hau «positiboa» izango dela uste du FVEMek, baina «ez gehiegi ere». Neurtutako baikortasuna da nagusi.

Bestalde, Bizkaiko metalgintzako enpresen %79k itxaropena daukate 2019an irabaziak berdintzeko edo handitzeko, eta horrek inbertsioak egiteko aukera emango lieke. Lehiakortasunari gehien eragiten dien faktoreez galdetuta, enpresariek lan kostuak aipatu dituzte batez ere, «batez ere kotizazio sozialari dagozkion kostuak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna