ARKUPEAN

Odola mihisean

Maddi Zubeldia -

2019ko otsailak 9
Marokon, ezkongaiei birjintasun froga eskatzea oraindik ere ohikoa bada, berri ona da gero eta sendagile gehiagok agiri horien emateari uko egiten diola. Horretarako hiru arrazoi nagusi aitzinatzen dituzte: emakumearentzat suposatzen duen ezaugarri apalgarria, osasunarentzat kaltegarritasuna eta azkenik, marokoar legeak holakorik ez duela eskatzen argudiatzen dute.

Horrez gain, froga horiek inongo balio zientifikorik ez dutela oroitarazi du Munduko Osasun Erakundeak. Marokon birjintasun agiriak ez dira ez debekatuak, ezta behartuak ere, sendagile bakoitzak du erabakitzen eta errefusatzen dutenen kopurua goraka doa. Hainbat hobe.

Eskaera ez da, baina, Marokora mugatzen, eta datozen datuak kezkagarriagoak dira, ene ustez: frantziar estatuan ginekologoen kontsultetan agiri horien eskaerak emendatzen ari dira, eta horrek dilema sortzen du profesionalengan. Onartu behar ote da? Agiriak egin behar ote dira, eta urrunago joanik, himenak osatzeko galderei nola erantzun?

Ginekologoek ez dute buruhauste guti, alde batera beraien kontzientziak eta bestera ezkongaiak jasan litzaketen ondorio latzek eraginik.

Frantziar ginekologoen biltzarrak argiki utzi du bi ekintza horien aurka zegoela, emakumearen duintasunaren aurkako zirelakoan, umiliagarri izateaz gain. Himenak berrosatzea «emakumearen menpekotasunaren alde jotzea eta ohitura matxista indartzea litzatekeela dio biltzarrak: mihise gaineko odolaren ohiturak ez du fedearekin zerikusirik». Aholkuak horiexek. Baina konkretuan, ez da hain sinplea afera.

Erlijioak ez du ezkondu aurretik birjintasuna frogatzera behartzen, aztura bat baino ez da froga eskatzearena, baina oso hedatua da herri musulmanen artean. Ezkontza hitzartzeko, senargaiaren familiak birjintasun agiria eskatzen dio andregaiari, eta hau birjina ez dela ageri bada, adultero gisa kontsideratua da. Herrialde zenbaitetan azotatua edota harrikatua izan daiteke emakumea.

Jakina, holako basakeriarik hemen ez da gertatzen, baina birjintasuna gero eta leku handiagoa hartzen ari da emakumeen bizitzan. Inork eskatu gabe ere gertatzen ari da emazteak agiria nahi izatea, birjina daudela agerian uztea beraientzat garrantzitsua izaki.

Birjintasunaren mitoa indartzen ari da, eta 25 urteko emakumeetan harreman sexualik ukan ez dutenen kopurua goiti doa.

Jacques Milliez Pariseko Saint-Antoine ospitaleko adituak hauxe dio: «Aljerian lan egin dut mediku gazte nintzela, eta Aljerren ikusi ditut neska gazteak ohore tribunalek zintzurrak eginik, birjintasuna galdu izana leporatua zitzaielako. Halakoak gertatzen dira oraindik ere Turkian, Jordanian, Saudi Arabian. Eta jasanezina da. Beraz, galdetzen didatenean, ziurtagiria ematen diet. Eta himen-plastia egitea ere onartzen dut, neskari errepresaliarik gerta ez dakion». Ezkontza garaietan himen-plastien eskaera goraka doa nabarmen, udako hilabeteetan astean 10 bat egitera iristen omen dira ospitale horretan. Ospitalera iristen direnean, emakumeek obsesio bakarra omen dute: eztei-gauean odola isur dadila.

Strasbourgeko Israël Nisand doktoreak justu alderantzizkoa dio: «Mediku batek ez luke amarru horietan sartu behar, emakumearen alienazio sistema betikotzen lagunduz».

Gizonezkoek ohorea emakumeen izterren artean ezarri dute, eta hor ere ez dirudi aski babestua denik. Emakumearen gorputzean dena jokatzen bada, gorputza objektu bihurtu dute, objektuaren jabe egin dira, eta menpe hartua den emakumeak zaindu beharko du gorputz horren osotasuna, baita isilpean konponaraziko pitzatuko balitz...

Emakumeen sexualitateari loturiko pasibotasuna da desegin behar dena. Birjintasuna galtzen dela errateak ez du zentzurik, esperientzia akats deitzea bezala da.

Ikastea inozentzia galtzea ote da?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna