Etxebizitzen salmenta 2008ko mailara itzuli da Hego Euskal Herrian

Iaz %10,6 gehiago saldu ziren. Prezioak %40 txikiagoak dira Nafarroan, eta %28 txikiagoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Hamar urteren ondoren, etxebizitzen merkatua krisia gogor jotzen hasi zen urteko mailara itzuli da. Hego Euskal Herrian, 25.368 etxebizitza salerosi ziren urte osoan, INEren behin-behineko datuen arabera. 2008ra arte egin behar da atzera kopuru horiek ikusteko —25.566 saldu ziren urte hartan—. Etxeen salmentak gora egin ahala, gora egiten ari dira prezioak ere, baina apalago: Nafarroan, 2008an baino %40 merkeagoak dira orain, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %28 merkeagoak. Iaz, edonola ere, %4,3 garestitu ziren (hirugarren hiruhileko batetik bestera), eta %4,8 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urte osoko datuak hilabete barru emango ditu INEk.

Etxebizitzen salmentak bost urte daramatza jarraian %10etik gora handitzen. Hazkundearen erritmoa, ordea, pixka bat moteldu da: %11,3 hazi zen 2017an, eta %10,6, berriz, iaz.

Lurralde guztietan igo da etxebizitzen salmenta, baina Nafarroan bereziki (+%16,1). Araban %13,4 handitu da; Bizkaian, %11,5, eta Gipuzkoan, %2,6; azken lurralde horretan, bi urte segidan merkatu apalago batekin—2017an -%1,2 txikitu ziren—.

2007an jo zuen goia

Etxebizitzen salerosketak krisiaren lehen aztarnak agertzen hasi zirenean jo zuen goia, 2007an.Orduan 35.732 etxe saldu zirela dio INEk, gaur egun baino 10.364 gehiago (+%29). Baina AEBetako eta Erresuma Batuko bankuetan arrakalak azaltzen hasi zirenean,garabiek erritmoa moteldu zuten. Urte haietan ia parez pare saltzen baitziren bizitegi berriak eta bigarren eskukoak. Krisiaren aurretik abian jarri ziren proiektuen inertziak 2012ra arte iraun zuen, baina ordutik aurrera asko txikitu zen etxebizitza berrien emaria. Eraikuntza praktikoki geratu ahala, bizitegi berriak saldutakoen %20 izan dira azken urteetan, eta 2018a ez da salbuespena izan: 5.115 etxe berri saldu dira, %20,2.Egia da, hori bai, iaz %14,5 hazi zela etxe berrien salmenta, bigarren eskukoen gainetik (%9,7). Hazkunde hori, batez ere, Nafarroari zor zaio, %32 gehiago saldu baitziren.

Etxebizitza berriek ez ezik, babestuek ere beherakada nabarmena izan zuten krisia sakondu ahala, baina ez dira hainbeste suspertu. 2008an, esaterako, 4.624 saldu ziren, iaz halako bi (2.351), baina orduan merkatuaren %18 ziren, eta orain %9,2 baizik ez. Edonola ere, bultzada txiki bat izan zuten 2018an, merkatu osoa baino gehiago hazi baitziren: %16,4, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.