Inaki Galdos
ARKUPEAN

Argazkiak

2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Diotenez, pasa den otsailaren 10ean Madrileko Colón plazan izandako manifestazioaren bukaerako argazkiak bultzatu zuen Pedro Sanchez hauteskundeak aurreratzera. Manifestazioa bera ez zen suertatu askok uste bezain jendetsua, baina, kopuruak kopuru, batez ere oholtzako irudiaren esanahi indartsuan ikusi omen zuten etekina ateratzeko beta presidente sozialistak eta Iván Redondok, bere aholkulari donostiarrak.

Hogei urte zituen azken honek 2001eko apirilaren 29an gure historia politikoko beste argazki ospetsu bat atera zenean Donostiako Kursaalen. Nicolás Redondo Terreros eta Jaime Mayor Oreja elkarri eskua emanez Fernando Savaterren begiradapean, gehiegikeriaz jositako ekitaldian mezu nagusi batekin: bota dezagun Ibarretxe. Pentsatzekoa da, beraz, gogoratuko zuela Iván Redondok bere jaioterriko argazki hark izan zuen eragina Eusko Legebiltzarrerako maiatzeko hauteskunde haietan: sekulako mobilizazioa, Ibarretxe lehendakariaren garaipen historikoa eta Kursaaleko protagonisten porrota. Denek onartzen dute orain argazki hura eta hilabete haietan sortu zuten giroa etxekalte izan zela azkenean Ajuria Enera modu horretan iritsi nahi zutenentzat.

Zaila egiten zait argazki bien artean —egoera bien artean— parekotasunik ez aurkitzea. Eta zaila egiten zait emaitzetan ere antzerako fenomenoren batzuk gerta daitezkeela ez pentsatzea. Adibidez, orduan EA-EAJ koalizioak Euskal Herritarrok erdira eraman arte xurgatu bazuen, PSOEk ere puska ederra jango dio Podemosi apirilean. Erresistentziaren epika aktibatzea da Pedro Sanchezek esku artean daukan armarik indartsuena, maisuki erabiltzen dakiena, gainera. Etor daitekeenarekin izutzen hasiak direnak mobilizatu eta eskuin muturreko fuxinaren kontrako erantzuna berak bakarrik polarizatu. Ez du askoz ere gehiago behar emaitza onak lortzeko.

Irakurtzen eta entzuten ari naizenaren kontra, ez dut uste honek guztiak ez duenik higadurarik sortuko indar abertzaleen botoan. Lehen ere ikusiak gaude egoera bertsuak eta oraingoan ere askok uste baino gehiago gertatuko dela iruditzen zait niri. Kontua da, ordea, ea fenomeno horren inertziak hurrengo hilabetera arte iraungo lukeen, hori baita Sanchez eta Redondok hauteskundeak apirilean jarri izanaren beste arrazoi nagusia. Eta nik behintzat garrantzi handiagoa ematen diot faktore horri apirileko hauteskundeen emaitzei baino.

Emaitza onak izan arren, gobernua osatzeko gaitasunik ez badu berehala erakusten, Pedro Sanchezenak egin duela esango du askok, nahiz eta oposizioko buru jarrai lezakeen denboralditxo batez. Baina hauteskundeak irabazteaz gain gobernua osatzen badu, maiatzera bitartean olatu gainean ikusiko dugu, sekulako inertziarekin, agian apirilean «mailegu» gisa jasotako botoak berriz jasotzen eta berriak erakartzen. Eta hipotesi hori gauzatzen bada, gurean ere sekulako eragina izango du, inolako zalantzarik gabe, gaur egun burutik pasatzen ere ez zaizkigun emaitzekin hainbat tokitan.

Maiatzeko superigandearen hipotesia mahai gaineratu zenean, utikan! esan zuten ordezkari politiko abertzaleek, hauteskunde orokorrek gainerako hauteskundeak kutsatuko zituztelako, euren alderdi eta koalizioen kaltetan. Erantzun logikoa da, baina gaur egun ez daukat garbi kutsadura hori, eragin hori, ez ote den handiagoa izango hauteskunde orokorrak apirilean ospatuta. Eta ez dezagun ahaztu hainbat argazkitan agertzen diren maltzurrei aurre egiten eta garaitzen asmatzen duten politikariek ez dituztela gudu epiko horietan soilik argazkiko maltzurrak garaitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.