Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Frantsesak vs alemanak

2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Aurreko astean entzun nion lagun bati «euskaldunberri» hitza jadanik ez dela inon erabiltzen, ikerketa soziolinguistikoko terminoa baino ez dela. Erantzun egokia eman aurretik, barrez lehertzearen esanahi literalari eutsita, zeharo bekaiztu nintzaion, halakorik esateko ingurunean bizitzeak ederra izan behar baitu. Ameskeria-unea igarota, esan nion ez ote zuen irakurri Sibiliako bertsolari arabarraren albistea: argi izanik oso euskaldun zaharra ezin zuela izan, «euskaldunberri» etiketa jarri zioten han-hemen. Gero Twitter-en bilaketa azkarra egin nuen, eta «euskaldunberri» hitzaren txio-jario amaigabea erakutsi nion.

«Ados», esan zidan, ebidentziaren aurrean amore emanda, «baina jadanik euskaldunberriek ez du lehen zuten estigma», gaineratu zidan. Barrearen lehergai kopurua TEDAX pare bati deitzeko modukoa izanagatik, ez nuen eztandarik egin: gauza asko etorri zitzaizkidan burura. Gogoratu nuen Saioa Alkaizak abenduan argitaratutako Euskalkirik gabeko bertsolariok artikuluaren salaketa: bada zenbait belaunaldi euskalkirik gabeko euskaldun izateko intentzio erabatekoa duena, eta saldu zaien euskara batua erosteko ahalegina egin ondoren, orain entzun behar du plastikozko mintzaira artifiziala darabilela, aitortuko bazaio ere, den tokikoa izanik, euskaraz txukun samar egiten duela. Gero, burura etorri zitzaidan badudala «lisaburdina» bekainik altxa gabe esaten duen lagun bat. Eta azkenik oroitu nituen berriki txiolandian irakurritako zenbait mezu, unibertsitateko ikasleen taldekatze soziolinguistikoaz (nola euskalduntxoak eta ez-euskalduntxoak berez bereizten diren) edo euskaldunberri izatearen harrotasunaz (Nazioarteko Etxeko Hizkuntzaren egunaren karietara)...

Etsipena nitroglizerina eta trinitrotoluenoaren antidotoa izango da, elkarrizketaren haria hortxe amaitu baitzen, leherketarik gabe. Zapuztuta, pentsatu nuen zeinen erraza den orokorkeriatan aritzea. Gainera, Euskal Herrian euskaldunberria izatea singularrean baino hobeto onartzen da pluralean: betoz euskaldunberriak, pluralean, gure hizkuntzaren bizi(raupen)a bermatzeko, baina aukera ematekotan, hik zer nahiago dunk, euskaldunberria ala euskaldunzaharra izan?

20 urte zituela «euskaldunberri zahar» gisa definitu zuten honek bi motatako euskaldun ez-berriak topatu izan ditu Turtziozetik Barkoxera: frantsesak eta alemanak. Frantsesak dira euren hizkuntza ikasten ari direnei langa ezin altuagoa jartzen diotenak: «Esan nahi duzuna zuzen esan eta ongi ahoskatu arte ez dizut adieraziko ulertu dizudala, eta lehen unetik ingelesez edo gaztelaniaz ariko natzaizu, frantseserako jauzia soilik oso maila ona duzunerako utziz». Gogoan dut 12 urte nituela amak Landetan 5 («cinq») kilo laranja erostera bidali ninduela, eta dendariak 5 minutu igaro zituela ea ehun («cent») laranja kiloak non eramango nituen galdetuz, azkenean «A! Sinco, no sien!» esan zidan arte. Euskararen kasuan ez da hizkuntza aldaketa gertatzen oro har, baina elkarrizketan maiz sentiaraziko dizute hizkuntzaren gainean labaintzear dabilen patinatzailea bazina bezala. Alemanek, ordea, badakite hizkuntza zinez konplikatua dutela, eta Beethovenen mintzoa praktikatzen hasten direnei atseginez eta hitz eginez laguntzen diete, hizkuntza aldatu gabe eta parekoari ahal bezala lagunduz; alemanik txarrena egiten ez dena da.

Kontua da euskararen kasuan, gainera, alemanarekin eta frantsesarekin ez bezala, hiztun berriak izaten direla euskara zuzenaren garraio, egungo euskara batuak ezin baitu beti edan jaiotzetiko jatortasun naturalaren iturritik. Bi bide har ditzakegu euskaldunok, berri zein zahar, hiztun berrien aurrean: frantsesena ifrentzuz edo alemanena alimaleko esker onez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.