ARKUPEAN

Bat ala beste

Jone Uria Albizuri.
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Orain aste eta erdi egunkari honetan bertan Miquel Misseri transexualitatearen inguruan eginiko elkarrizketak zer pentsatu dezente eman zidan. Tartean, fisika kuantikoan ematen den fenomeno bat azaltzeko ikerlari batek jartzen zuen adibide batekin gogoratu nintzen. Ea gai naizen azaltzeko.

Fisika kuantikoaren ezaugarrietako bat egoeren gainezarpena da. Askotan, aldi berean bi egoeratan egotea bezala azaltzen da, eta hortik Schrödingerren katu famatuarena, baina ez omen da erabat horrela. Kontua da bi (edo N) egoera posibletan egon daitekeen sistema bi egoera horien edozein konbinazio linealetan egon daitekeela onartzea. Adibidez, fotoi batek izan dezake polarizazio bertikala edo horizontala, baina baita beraien arteko edozein konbinazio linealekoa ere; alegia, edozein angelutakoa.

Sinplea, ezta? Konplikazioa behatu eta neurtu nahiak dakar. Esperimentalki ez daukagu tresnarik fotoi bati zein norabidetan datorren galdetzeko. Aukera bakarra norabide bat hautatu, eta norabide horretan ala horrekiko perpendikularrean datorren galdetzea da. Eta frogatu da, baldin eta fotoia hautatutako norabidean ala perpendikularrean bazetorren, zuzen erantzungo digula, kasuen %100ean. Baina beste angeluren batekin bazetorren, kasu batzuetan hautatu dugun norabidean zetorrela esango digu, eta beste batzuetan hautatu dugunarekiko perpendikularrean. Bat ala beste erantzuteko probabilitatea hautatutako norabidearen eta zekarrenaren arteko angeluaren araberakoa izanik. Arazoa da, behin erantzuna emanda, fotoiak norabide hori hartzen duela aurrerantzean. Galdera erantzutera behartu izanak eragin izan balio bezala. Eta, beraz, ezinezkoa gertatzen da jakitea hasieran zein norabide zeukan.

Ikerlari haren paralelismoa honako hau da: demagun irakasle bat daukagula ikaslez (fotoiz) betetako gela batean. Irakasleak galdera egiten dio Joni: «Jon, zu zer zatoz, horizontalki ala bertikalki?». Eta Jonek: «Ez, ni, zera... 45 graduko angeluaz». Irakasleak serio «Jon! Galdera bat egin dizut! Horizontalki ala bertikalki?». Jonek, halabeharrez «a, e, ba... bertikalki». Bertikalki erantzungo du, baina horizontalki erantzun zezakeen probabilitate berarekin. Eta bertikalki egotera pasatuko da, 45 gradutako norabidea ahaztuta.

Bizitza errealean ere, galderek erantzun kopuru finitu bat daukatenean, bat hautatzera behartzen gaituzte. Eta etengabe ari gara guri buruzko halako galderak erantzuten. Haur ginenetik egin izan dizkigute. Gure egunerokotasunaren parte dira. Pentsatu, adibidez, online edozer erosterakoan zenbat diren halakoak. Edo edozein inskripzio betetzeko garaian. Inkesta orri bat pasatzen diguten aldiro. Edo era inplizituagoan, etxetik kanpo komunera goazenero.

Baina beharbada ez dira gure norabidearekin bat datozen galderak. Beharbada probabilistikoki erantzun genituen bere garaian, eta geroztik ez dugu erantzuna aldatu. Beharbada inork ez digu guretzako diseinatutako galderarik egin, inork ez dakielako zein norabidetan gauden une bakoitzean.

Izan liteke garaia onartzeko galdera asko ez ditugula ziurtasunez erantzuten, probabilistikoki baizik. Geure buruei hori onartu eta aldatzeko zilegitasuna ematekoa. Eta batez ere, konturatzeko besteengandik jasotzen ditugun erantzunak ezin ditugula itsu-itsuan ziurtzat hartu. Ezinezkoa zaigulako detektatzea noiz diren ziur eta noiz probabilistiko. Fisikariei fotoiekin gertatzen zaien bezala. Eta fisikan tresna zehatzagoak edo neurtzeko beste modu batzuk asmatuko dituzten bezala, guri ere tokatuko zaigu galdera berriak asmatzea. Baina bitartean, izan gaitezen kontziente dauzkagun tresn ek dituzten mugez, eta erabiltzeak izan dezakeen eraginaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.