Inaki Galdos
ARKUPEAN

Han eta hemen

2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Egun berezia da gaurkoa, Kataluniako igande historikoaren bigarren urteurrena. Hunkituta igaro genituen ordu haiek, bekaizkeria puntu batekin, onar dezadan nik behintzat. Bi urte hauetan gertatu denak gaur ere beteko ditu orrialde eta orduak gure hedabideetan, batez ere azken egunotako estolderietako lan zikinak. Ez naiz beraz beste askok dezente egokiago egingo dituzten azterketak egiten saiatuko. Herenegun orrialde hauetan Vicent Partalek iragarri zigunarekin geratuko naiz, garaipenaren iragarpenarekin, ez dakit benetan sinesten diodalako edo sinesteko gogo handia dudalako, aitor dezadan hori ere.

Hangoa hemengo eragile politiko abertzaleek nola bizi duten begiratzen eta ulertu guran eman ditut bi urte hauek neurri handi batean. Han-hemenka irakurri eta entzuten nauen adiskideren batek gai honek gehiegitxo itsutu nauela ere leporatu dit noizbait. Kontua da, ordea, iruditzen zaidala Kataluniarekiko dituzten jarrerek eurek uste baino gehiago baldintza dezaketela hemengo hurrengo denboretako ibilbidea. Zehatzagoa izango naiz: Kataluniarekiko dituzten jarrerek baino gehiago, euren hango aliatuek dituztenek, ez baitakit beti suertatzen diren hain bateragarri hemen aldarrikatzen dutena eta hango adiskideek aldarrikatzen dutena.

Alemanian zegoen Puigdemonti bisita egiteko gomendatu nien errespetuz iazko maiatzean hemendik Urkullu lehendakariari eta Andoni Ortuzarri. Iruditzen zait orduan bat ere asmorik ez bazuten are gutxiago izango dutela orain, urrunago daudelako orduan baino Puigdemontengandik. Jelkideek hasieratik jarri zituzten Kataluniako procés-arekiko nolabaiteko muga eta ñabardurak, hemengoa ez kutsatzeko nahia, horrela esaterik bada. Hangoarekiko elkartasuna eta gertutasuna adierazi bai, Madrileko gehiegikeriengatik ozenki kexa agertu ere bai eta, jakina, konponbideren baterako etengabeko eskaerak luzatu, baina amen, zu hor eta ni hemen.

Ez dago koherentzia faltarik jelkideen ibilbide honetan, gainera sumatu dutenean, adibidez, lehendakaria adierazpenen batzuetan epel xamar egon dela, asmatu dute balantza orekatzen alderditik egindako adierazpen edo ekintzaren baten bidez. Ez dago jelkideena baino termometro zehatzagorik. Baina askotxo luzatzen ari den arazo baten aurrean egon daitezke Sabin Etxekoak. Adiskide duten espazioaren zatiketa eta, batez ere, definizio falta dut hizpide. PDeCat-en gero eta nabarmenagoa da barne xextra. Puigdemonten jarraitzaileak alde batean, Marta Pascal eta enparauak beste batean mugimendu «arraro» samarrak egiten eta tartean jende asko, gehiengoa agian, Artur Masek zer esango zain, besteak beste. JxCat, Crida... marka askotxo gauza onerako. Badago jelkideen artean nahiago duena egoera honek iraun dezan, gerta daitekeen zatiketa baten aurrean busti beharra baino, baina ez dakigu zenbat gehiago iraungo duen. Eta askoren gustuko izango ez den erabakiren bat hartu beharko du alderdiak.

Bestelako ibilbidea egin du EH Bilduk. Hasieran Kataluniako prozesuaren bertsua hemen lehenbailehen abian jartzeko eskaera gardena egin zuen, baina, hauen termometroa ere ez da txarra, poliki-poliki hangoarekiko gertutasun ozena adierazteari utzi gabe, Gasteizko legebiltzarrean estatutu berriaren inguruko lanean zentratu dira. Bi urte hauetan, gainera, sakondu egin du ERCrekin zuen elkarlana eta harro adierazi ditu harreman horren fruituak.

Kontua da, ordea, sakontze honekin batera Junquerasen alderdiren aldaketa ezkuta ezina iritsi dela. Deitzen diote batzuek errealismo ariketa, beste batzuek estrategia posibilista. Irakurketa asko ari gara irakurtzen alderdi honen norabideari buruz, baina bistan da ez dela ezker abertzaleko guztientzat erosoa. Ez dira bildukide gutxi CUPek azaroko hauteskundetan aurkeztuko dela iragarri duenean sekulako poza adierazi dutenak. Zerbaiten seinale.

Batzuetan gurutzatuak diruditen aliantza horien eragina handia izan daiteke hemen San Andres egunetik aurrera ditugun eztabaidetan. Adibidez, gerta daiteke Maddalen Iriartek Joseba Egibarri zerbait leporatzea Laura Borrasen hitz batzuk erabiliz, eta Egibarrek Iriarteri erantzutea Gabriel Rufianen hitzak gogoratzen. Gerta daiteke. Adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.