Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Gaur ukan ezik biharko haurra

2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Medikuntza bidez lagundu haur sortzearen aurkariak martxan jarri dira Frantzian bioetika legearen hedaduraren aurka, zeinek baimenduko bailuke lesbianek eta emakume ezkongabeek PMA deituriko medikuntza bidez lagundu haur sortzea balia dezaten.

Frantziako Apezpikuen ordezkaria den Eric de Moulins-Beaufor jaunak adierazi du hiritarrek, katoliko izan ala ez izan, urriaren 6an manifestaldira joan behar dutela, lege horren aurka mobilizatzera deituz. Elizak ez du haatik manifestaldi horretara dei ofizialik egiten, denentzako ezkontza legearen karietara antolatu zuen protesta erraldoi mediatikoaren porrota ez errepikatzearren edo.

Gotzainak «mediku manipulazioaren bidezko sorkuntzak» eta «brikolajearen esku utzitako filiazioak» dakarten arriskua azpimarratu du, sortuko diren haurrek aita nor duten jakiterik izanen ez dutelakoan.

Bestalde, eskuineko alderdietan, testu horrek gestazio subrogatuari bide eginen diola sinesten da, nahiz gaia ez den inondik ere legedi berrian aipatzen. Beldurrak ez dira inoiz urrun jendarte patriarkaletan, emakumeei eskubide gehiago ez ematearren betiko betikoak inguma zahar guztiak astintzeko prest izanki.

Aitarik gabeko haurrak mundura ekartzea gero eta onartuago bada ere, jendartearen baitan erresistentzia eta beldur ugari eragiten du, sexualitatearen kontrola galdu ondoren, patriarkatuari sortzeenarena ere eskuetatik joaten zaiola onartzea zaila gertatzen ari baitzaio.

Hala ere, mentalitateak aldatzen ari dira. Ezkontzeko eskubideak zibilizazioaren bukaera sinatu behar zuelako iragarpenak huts egin du eta 2013an bozkatu zen legea ohituretan sartu da. Kezkatuak zirenak ohartu baitira ezkontzaren instituzioa engaiamenduzko erritu bilakatu dela, bikote baten inguruan familia eta lagunak biltzen dituena, bikotea sexu berekoa izanik ere.

Sei urteren buruan, denentzako ezkontzaren borroka galdurik, aurkariek medikuntza bidez lagundu haur sortzea hartu dute jomugatzat...

Europar Batasuneko herrialdeetan egoera desberdinak daude. Frantziar estatuan orain arte medikuntza bidez lagundu haur sortzea, hau da, obulu bat edota espermatozoide bat manipulatzea kontzebitzeko zailtasunak ukanez gero, bikote heterosexualei baizik ez zitzaien onartzen baldin eta antzutasuna frogatua bazen. Gizarte Segurantzak ordaintzen du 43 urte arte.

Lesbiana bikoteei eta bakarrik dauden emakumeei debekatua zitzaien.

Portugalen, Espainian, Erresuma Batuan eta Suedian onartua zaie emakumeak haur sortzeko adin naturalean izanez gero.

Grezian, Estonian, Belgikan, Bulgarian, Danimarkan, Irlandan, Luxenburgon, Finlandian eta Herbehereetan adina mugatzen du legeak, 40 eta 50 urte artean, herrialdeen arabera.

Austrian, berriz, lesbiana bikoteei onartua zaie, baina bakarrik dauden emakumeei ez.

Irailaren 24tik diputatuen artean eztabaidatu da bioetika legea, eta eskubidea onartua izan zaie lesbiana bikoteei eta bakarrik dauden emakumeei.

Pertsona transgeneroei, aldiz, ez zaie onartu, ezta emakume alargunei ere. Azken horiek haur bat egiten ahalko dute edozein emailerekin, baina maitatu duten pertsonarekin ez...

Legeak, bestalde, gameto emaileen anonimatua kentzea aurreikusten du. Emaile baten esperma edo obozelula erabiliz sortuko diren haurrek adinak betetzerakoan emaileei buruzko informazioa jasotzen ahalko lukete. Baliteke garaia izatea haurraren eskubideez arduratzeko ere. 70.000 dira frantziar estatuan medikuntza bidez lagunduta sortu diren haurrak, eta haien nortasunaren eraikuntzarako jatorri genetikoa zein duten jakiteko eskubidea oinarrizkoa da. Gaur egun atzerrian eta sarean dauden testen bidez bilatzen aritu beharrean, zuzenean jakiterik izanen ote dute, emaileen adostasunarekin.

Gaia pil-pilean dabil udazken honetan frantziar estatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.