Celestino Cordova maputxeak 85 egun pasa daramatza gose greban

OITren 169 hitzarmena betetzeko eskatzen du, eta espetxe zigorra haren lurretan bete ahal izatea. Ospitaleratuta dago, «larri»

Celestino Cordova, gose greban dagoen buruzagi espiritual maputxea. PUBLICACIONREFRACTARIO.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Buruzagi espiritual maputxea da Celestino Cordova, eta, Temucoko kartzelan zela, gose grebari ekin zion maiatzaren 4an; hots, 88 egun daramatza elikagaiak hartzeari uko egiten. Haren ingurukoek adierazi dutenez, ospitaleratuta dago, osasun egoera «kritikoan». Eskaera zehatzak egin ditu maputxeak; bereziki, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen herri indigenen inguruko hitzarmena betetzea. Horren arabera, espetxe zigorra bere komunitateko lurretan betetzeko eskubidea du, eta hori aplikatzea galdegiten dute.

Cordovak protesta hasi zuenetik, beste hainbat preso politiko batu zaizkio babesa emateko: dagoeneko 27 espetxeratu daude gose greban Lebuko, Angoleko eta Temucoko kartzeletan. Cordovaren bozeramaile Giovanna Tabilok salatu zuenez, Txileko Gobernua maputxe herriaren «espiritualitateari» erasotzen ari zaio, eta haien eskubideak urratzen. Era berean, haien kultura aintzat ez hartzea gaitzetsi dute.

Hiru puntu nagusitan daude oinarrituta buruzagi espiritual maputxea gose greba abiatzera behartu duten baldintzak, eta hauek dira eskakizun nagusiak: kondena betetzeko lekua aldatzea, eta hori bere rukan izatea; preso politiko guztien zigorra betetzeko neurriak aldatzea, maputxeak izan ala ez; eta kautelazko neurriak aldatzea bai inputatutako preso politiko maputxe guztiei eta bai eztanda soziala dela-eta inputatutakoei.

Horrela, nazioarteko hitzarmena errespetatzeko exijitzen diete agintariei, bereziki espetxe politikari dagokien artikuluen ingurukoa.

«Muturreko» egoera horren inguruko erantzun baten falta kritikatu dute Cordovaren bozeramaileek, eta gobernuak elkarrizketetarako prestasunik azaldu ez izana salatu dute. Hainbat ekintza antolatu dituzte hilabeteotan maputxeari babesa emateko eta protestetan segitzeko: besteak beste, martxa bat egin zuten atzo Temucon, baita lurraldeetan mobilizazioetarako deia ere. Hala, presioa egiten segitzeko bultzatzen ari dira.

Duela astebete egarri greba ere hasi zuen buruzagi espiritualak; ordea, komunitate maputxeko hainbat kiderekin hitz egin ostean, hura gelditzeko konbentzitu zuten, duen osasuna dela-eta arriskutsuegia zela iritzita.

Orain, beste bira bat eman du auziak. Herenegun Tabilok BERRIAri jakinarazi zionez, Temucoko Apelazioko Auzitegiak baimena eman dio Cordova dagoen ospitaleari hura indarrez elikatzeko, haren borondatearen kontra. Bozeramaileak erabat deitoratu zuen erabakia: «Ezin dute hori egin. Ezin diegu utzi ezer egiten». Konponbide bat lortzeko premiazko bilera batzuetara deitu zuela azaldu zuen.

Emaztea, bakartuta

Bidean beste oztopo bat izan dute: koronabirusa. Izan ere, igandean Cordovaren emazte Luisa Marilaf-ek baieztatu zuen positibo eman duela COVID-19aren proban. Horren ondorioz, bere bizilekuan bakartzea erabaki du.

Era berean, eskubide indigenen alde borrokan jarraitzeko deia egin zuen Marilafek komunikatu baten bitartez: «Deia egiten dut erresistentzian dauden lurralde guztietatik indarrez segitu eta gure preso politikoen eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.