elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Zine-minez

2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Martxoaren hasieran, artean musukorik gabe eta kalean libre genbiltzanean, neure buruari ezarri nion lehenengo muga izan zen zinera joateari uztea. Zinema-aretoan argiak itzali eta pantaila pizten den momentu magiko horri uko egin nion, penaz: toki itxietako egonaldi luzeak ekidin beharra zegoen. Aretoetatik aldendu arren, zinemaren mundua errondan ibili zait azken hilabeteotan.

Maiatzaren 1ean ETB1-ek Josu Martinezen bi dokumental eskaini zituen: Gure sorlekuaren bila —50eko hamarkadan Iparraldean egindako dokumental galdu baten bilaketa— eta Lezo Urreiztieta. Jainkoak ez dit barkatzen. Bigarren hau ikusi gabe neukan oraindik, eta aurkikuntza bikaina izan zen: Lezo Urreiztietari Martin Ugaldek 70eko hamarkadan egindako elkarrizketak hartu eta —audio hutsa oinarri— militante abenturazale izan zen gizona berreskuratzen du Josu Martinez zinegileak dokumental horretan.

Geroxeago beste altxor bat etorri zitzaidan eskura, honako hau papera medio zela: aspalditik zintzilik neuzkan Koldo Mitxelenaren Denbora bateko zinema paperak (19541961). Hau da, Mitxelenak Egan aldizkarian argitaratu zituen filmen kritikak, Inazio Mujika Iraolak 2006an prestatutako edizioan. Mitxelena hizkuntzalariaren beste irudi bat marrazten dute idatzi horiek: à la page zegoen intelektuala nabarmentzen da, estilo akademiko zurruna erantzi eta garaiko modernitatea ispilatuz. Ingmar Bergmanen Zazpigarren zigilua pelikularen kritikan, obra hori ikustera joateko sentitzen zuen «nagitasuna» aitortzen du Mitxelenak, «bide berrietan barrena abiatzeko nagitasuna»; filma ikusi eta gero erabat zentzugabea gertatu zitzaion aldez aurretiko erreparoa. Esperientzia hori ohartarazpena egiteko aprobetxatu zuen: «Ez ote dute horrelako zerbaitekin topo egiten behin baino gehiagotan euskal idazle berriek ere?».

Batzuetan, kronika sozial bihurtzen du zinema kritika Mitxelenak; esaterako, El ferroviario filmari buruz, tranbian doala «neskatxa gazte eta zahartxo» batzuei entzuten dizkien iruzkinak aitzakiatzat hartuz. Hortik ateratzen duen ondorioa: «Zinema amets-fabrika izan daiteke(…) baina ez du horrek esan nahi (…) txoro-fabrika izan behar duenik nahitaez». Zinema kritika euskaraz lantzen lehena izan zen Koldo Mitxelena. BERRIAk aurtengo Zinemaldiari eskaini dion sailean, Mikel Zumetak egindako kritika labur bezain jorietan—zirt-zarteko estiloan betiere— Mitxelena aitzindariaren oihartzuna sumatzen ote nuen iruditzen zitzaidan, hark hasitako lerroaren jarraipena.

Pello Lizarraldek azken nobelan —Argiantza du izenburua— 80ko hamarkadan zine aretoek jasan zuten krisiaren kontakizuna egiten du. Gidaria —galtzailea, oraingoan ere— Ramon Beitia da, zinema kate bateko gerentea. Harekin batera doa irakurlea, haren izerdi, ondoez, ezin eta tristurak partekatuz —baita tartekako une atsegin urriak ere—, mahastietako lur gorrietatik itsasoraino, zinema-aretoen dekadentzian barna, sare horretako langile bitxien noraezean lekuko. Herrietako areto bakan batzuk salbatu ziren krisi hartatik. Galdutakoak multizineek ordezkatu zituzten, hirietakoek nahiz aldirietako saltoki handietakoek, eredu yankiari jarraituz.

Argiantza: argi ahula, ilunetik gertu dagoena. Pello Lizarralderen nobelak zinearen munduak gaur egun bizi duen krisiarekin kointziditu du. Zinea kontsumitzeko moduaren aldaketa dago oinarrian: pandemiak zinemazaleak aretoetatik uxatu izana, eta lehendik zetorren joera azkartzea, alegia, ikus-entzunezkoak Netflixengisako plataforma erraldoien bitartez ikustekoa. Kontua ez da nonahiko Cinema Paradiso-en nostalgia hutsa, ez; arazoa da komunitatearen zentzua galduz joan den —eta doan— praktika kultural eta sozial baten bilakaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.