Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Bizi osorako lan ezkutua

2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Amak utzi zuen bere idazkari lan xumea aitak deliberatu zuelarik jatetxe bat idekiko zuela. Proiektu zoragarria zuen aitak: epizeria eta ostatua, biak idekitzea herrian. Biak elkarri loturik izanen ziren, ezin bereiziak. Aitak bere gain hartuko zuen dendarena eta amak jatetxea kudeatuko zuen, ezinbestez.

Aitak eraikina lurretik atera zuelarik, erran zion amari bere idazkari lana atxikitzen ahalko zuela. Goizean aski zuela arroltze eta xingar zerbait prestatzea eta gero hark berotuko zuela mikro-uhinean bezeroei zerbitzatzeko. Astakeria ikusirik, amak deliberatu zuen sukaldean aritzea. Azkenean, ama da egon jatetxea kudeatzen, eta egunero-egunero arroltze eta xingarra frijitzen aritu zen zuzenean.

Instalatu arau, bikoteak sei haur ukan zituen; jatetxeko mahaien artean handituko zen tribu guzia. Ostatukoak ziren, berez. Herri ttipiaren erdigunean, belarriak zabalik, xokoz xoko ibiltzen ziren umeak. Nehorren eta denen ezagun ziren. Handitzean, gazte bakoitzak hartuko zuen bere bidea, burbuila horretatik kanpo.

Tupinak borborka eta jatetxea jendez lepo agertzen zen asteburuetan. Ehiztarien urtaroan, apairu bereziak antolatzen ziren. Basahuntzaren, basurdearen edo urzoaren usaina hartzen zuen lekuak. Larunbat goizetan, merkatutik landa lagunek han topo egiten zuten. Berrien trukean, jostetan, betiko solas trenkaezinetan orduak eta orduak pasatzen zituzten arno beltz, ricard edo porto baten inguruan. Anitz gizonek, eta emazte guttik, gela nagusia betetzen zuten.

Xinaurritegi horretan, ama,ordea, beti sukaldean eta ostatu gibelean egoten zen. Etxekandereak bizpahiru solas botatzen zituen lagun bilakatu ziren bezeroekin; hots usaiakoekin. Beti hor, beti prest eta beti denen zerbitzuko zen. Aita epizeriaz okupatzen zenez, ez zituen arrangura berberak. Aste osoan idekitzen zuen, baina arratseko zazpi eta erdietan ateak ixten zituen. Larunbat goiz horietan denda idekia mantentzen zuen, erosleak heldu ziren merkatutik pasa ondoren: azken etapa zen ostatura iritsi aitzin.

Aitak goiz horiek atsegin zituen, gainera 12:30ean lana uzten zuen eta ostatu gibelera joaten zen. Bere buruan, amaren laguntzera heldu zen, salbu aste guziz bezala lehen tragoa zerbitzatuta hark ere bat hartzen zuela, eta bi, eta hiru... Trago amaigabea, egun amaigabe batentzat.

Noiztenka, ama ez zen bakarrik jatetxea atxikitzeko, kontratupeko laguntzaile bat ere heldu zen. Langilea ordu zehatz batzuetan etortzen zitzaien, eta urte luzez iraun zuen amaren ondoan. Amak, aldiz, kontraturik ez zuen sekula ukan. Hastapen batean epe labur batentzat zela uste izan zuen. Aita nagusi eta jabe gisa deklaratua zen epizeria eta ostatuaren izenean baina ama ez zen inongo paperetan agertzen. Haurdun zelarik eta haurrak ukan ondotik, beti ostatuko pareten artean egon zen arren, bere lana ez zen sosez ordaindua izan.

Emaztea ezaguna zen herrian; denek bazakiten nor zen. Etxondoko etxekanderea zen. Aita zendu eta gero ere amak atxiki zuen bere rola. Herrian, sinbolikoki balio handia zuen bere lanak; ekonomikoki aldiz, ez zuen deus altxatzen. Ostatua utzita, gaur egun erretreta saria ez zaio hilabetean 400 eurotara ere heltzen.

Azken paradoxa honek, balio sinboliko eta materialarena, guztion errealitatera murgiltzen gaitu. Egoera hau iduriko beste batzuei lotu dakioke. Konparazione saririk jaso gabe artisau senarrari kontabilitatea egiten dion emazteari edo denbora osoz haurrez eta aitatxi-amatxiez okupatzen den amari. Begi bistako lan ezkutuaren balioa, nola neurtu daiteke? Duintasun sinbolikoak ez duelako duintasun ekonomikoa ordezkatzen ahal, sistema baliatzaile horren aitorpen ekonomikoa zor zaie.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.