elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Desenkontruak

2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Barrez lehertu ginen neskak kontroleko ertzainarekin izan zuen enkontruaren kontakizuna entzutean. Neskak euskaraz egin zion ertzainari, eta honek ulertu, agian zerbait ulertuko zion, baina gaztelaniaz eraman zuen elkarrizketa osoa, temoso. Eta kiribildu zen komunikazioa absurdoraino.

Eszenak Miguel Gila umorista gogorarazten zidan, gerrari buruzko bere bakarrizketa haietan, beste bandokoekin su-etentxo bat negoziatzeko telefonoz deitu eta zera galdetzen zuenean: «¿Es el enemigo?». Surrealismora jo zuen Gila errepublikanoak gerra ostean, ezinbestean, gaur egun entzunda akaso politikoki ez oso zuzenak diren jardunetan, baina bere garaian politikoki askatzaileak ziren haietan.

Barrez lehertu ginen, bai, neskaren solasarekin, grazia apartaz kontatzen baitzuen enkontru-desenkontrua. Parean eduki zuen ertzainak, euskaraz ez jakiteaz aparte, ez zirudien diplomazian diplomatua zenik; zokor-mazotan, seguru asko, txapeldun. Sakoneko arazoa, tamalez, ez da barre eragitekoa.

Itxialdian behin gertatu zitzaidan ertzainek kontrol batean geldiaraztea. Nire «egun on»-ari «buenos días»-ekin erantzun zion agenteak, eta handik aurrera gaztelaniaz izan zen galdeketa: nora nindoan, zertara… Hori Goierrin, euskal hiztunen ratioa ehuneko 60tik gorakoa den eskualdean. Dena borobiltzeko, momentu hartan indarrean zeuden arauei buruzko argibideren bat eskatu nionean, Espainiako Buletin Ofiziala kontsultatzera bidali ninduen poliziak.

Pandemiaren garaiotan, nahi eta nahi ez, harreman sarriagoa daukagu herritarrok ertzainekin. Kontua da zaurgarritasun eta salbuespen egoera honetan bereziki, administrazio publikoko langileengandik arreta taxuzkoa espero —eta behar— duela herritarrak, elkarrekiko konfiantzan oinarritutakoa. Eta hori hala izateko, hizkuntza partekatzea faktore oso garrantzitsua da. Bestenaz, gutxietsia sentitzen da herritarra, eta deseroso —onenera jota— funtzionarioa.

Ertzaintzaren 700 lanpostutarako deialdia egin berri du Jaurlaritzak. ETB1eko eta Euskadi Irratiko iragarkietan, euskaraz mintzo da emakumezko ertzaina, gonbidapena eginez: «Ertzainak gara, eta zu ere izan zaitezke». Hizkuntza Eskubideen Behatokiak egin berri du deialdiari buruzko salaketa; izan ere, «700 lanpostuetatik 238k ez dute hizkuntza eskakizunaren derrigortasun datarik: euskararik jakin gabe sartu ahalko dira administrazio publikoan» (BERRIA, 21-01-15). Hori, etorkizun hurbilari begira. Orain artekoan, «2017an amaitutako Ertzaintzaren euskara planaren arabera, 7.407 ertzainez osatutako lantaldetik %51k ez daukate euskarazko gaitasunik egiaztatuta».

1982an sortu zen egungo Ertzaintza, Lauaxetak asmatutako izena ipini zitzaion erakundea. Urte berean onartu zen Euskadiko Autonomia Erkidegoan Euskararen Legea; haren baitan, herritarrari aitortzen zaio eskubidea bi hizkuntza ofizialetatik bata zein bestea erabiltzeko Administrazioarekiko harremanetan. Lau hamarkadaren ondoren Ertzaintza osatzen duten agenteen erdia erdaldun huts izatea ez al da frakaso itzela? Eta hori jakinik, nola uler daiteke euskararen eskakizun hain murritz eta mugatua egitea ertzainetarako azken deialdi honetan ere?

Hori horrela, hizkuntza politika eraginkorrak eskaini behar ditu gutxieneko erreminta batzuk egoera negargarri hori, behin-behineko neurriekin bada ere, arintzeko. Esaterako, lurralde eta eskualde bakoitzeko euskal hiztun ratioaren arabera esleitzea lanpostuak, euskaraz komunikatzeko gai diren ertzainak zona euskaldunetara bideratuz.

Sentitzen dut hatza begian sartzea kontu honekin, baina ezin esan gabe utzi: Donostian, ertzainen autoa Urumeara amildu zen tokian, Iñigo Etxarri agentearen omenezko dozena bat lore-sorta dago; denak gaztelaniazko eskaintzarekin: «De tus compañeros…». Esanguratsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.