Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Gureak?

2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Amonak Heno de Pravia koloniaz bustitzen zituen bainuko oihalak, uretatik atera eta segituan bertan biltzeko ni. Gogoz igurzten ninduen, azala erabat sikatu behar omen delako hotzik ez hartzeko. Ez da egia izango, baina esaten zidan guk ezagutu ez genuen bizilagun baten alaba txikia hotzeriak jota hil zela bainua eta gero bustita irteten zelako. Azala gorri-gorri eta lurrunduta nuela,bainu-osteak zetozen, kontu horiek eta beste hamaika entzunez hazteko ikasgela apartak izan zirenak.

Aitona-amonek dena zekiten, den-dena bizi izandakoak zirelako eta kontatu egiten zutelako, kontuok barrura sar daitezen behar den denbora eskainiz. Beste mundu batetik zetozela ematen zuen. Amonak Portugaleko mugetatik Afrikako kafea eta lurrinak ekartzen zituen kontrabandoan, eta guardiengandik gauez ezkutatzeko teknikak erakusten zizkidan. Eta aitonak gerrari buruzkoak ematen zizkidan, pasadizo mingarriak mozorrotuz anekdota barregarrien artean. Nik artean ez nekien, baina belaunaldien arteko katea esaten omen zaio horri eta niretzat kolonia-usaina du.

Kate ia guztiak bezala, ordea, halako baten apurtu egin zen, eta harrigarriena da ez dakidala zergatik, ezta noiz izan zen zehazki. Bat-batean, txanponak airean buelta egin zuen, eta iluntze baten neu ari nintzen aitona-amonak Heno de Pravia-rekin bustitako oihalekin lehortzen, emeki-emeki, adinarekin azala hauskorra eta leuna bihurtzen baita. Eta bainu-osteak gero eta laburrago bihurtu ziren, eta solasetan beren bizipenak desagertu ziren, nire galdera aseptiko eta funtzionalak nagusitzen ziren bitartean. Botikez, tentsioaz, kaka-moduaz eta ariketa fisikoari eusteko beharraz hitz egiten nien nik, eta beraiek entzun egiten zuten, edo entzunarena egiten zuten, ez dakit seguru. Zaindu nahi nituela, babestu behar nituela esaten nion neure buruari, beraiek halakorik sekula eskatu ez bazidaten ere. Zaintza esaten nion egiten nuen dena delako horri, baina ez zuen batere antzik beraiek niri txikitan eskainitako ardura goxo eta alaiarekin.

Nik erabaki nuen: ume bihurtu nituen. Bizitzaren legea omen da, baina ez dago batere argi nork idatzi duen lege hori eta noren mesedetan erabiltzen jarraitzen dugun.

Pandemiak guztiok astindu gaitu, baina gupidarik gabe erasan die adinekoei. Gaitzak gure tokian jarri gaituela esaten dugu, begien aurrera ekarri baitu gure kalteberatasuna, baina adinekoak are gehiago zokoratu ditu, denak bat eta berdinak bailiran, denak ahul eta menpeko, zer nahi duten eta zer behar duten esateko gauza ez direnak.

Noizbait miretsi eta orain zaindu (sic) egiten ditugu adinekoak, eta erabiltzen ditugun hitzek den-dena esaten dute. Gure zaharrak, edo gure adinekoak erregistroa apur bat jasotzea komeni den testuinguruetan, edo gure aitona-amonak, gu guztionak, antza. Adinekoen egoitzak, egoteko tokiak, egonean egotekoak, adinekoak duintasunez izateko tokirik ez baita apenas gelditzen gure artean.

Ez dira «gureak», nork bereak maite baditu ere. Baina horrela izendatzen ditugu eta izendatzeko modu horrek pandemiak bezainbeste aldentzen ditu beren berezko izatetik. Ez dira gureak beren eskubide eta duintasuna, beraienak dira; ez dagokigu guri beren erabakimena, are gutxiago beren ahotsa. Babes gehigarria behar izateak ez du esan nahi babesgabe direnik.

Heno de Pravia ez da oso maiz topatzen gaur egun dendatan, baina aukera dudan guztietan usaindu egiten dut, gogoratzeko kontrabandoan aritutako emakume hori ez zela desagertu gorputza zimeldu zitzaionean, nik aintzat hartzeari utzi nionean baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.