garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Dorre elektrikoaren pean

2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Nuklearra, praka azpi-zabala bezala, boga-bogan da. Gure bizimodu petralari gatz-piper pixka bat gehitzera itzuli dira bata zein bestea, guztiz zentzugabetuta bada ere. Praka azpi-zabalak, hippyen estetikari eta pentsamoldeari lotuta asmatu zen neurrian, «bakea eta maitasuna» lelo inozoa galdu du, hirugarren mundua esklabotzen eta kutsatzen duen jantzi-industriaren mesedean. Orain nornahik eramaten du soinean, ikur antimilitarista ezaguna atzeko patrika baten gainean brodatuta eta guzti. Eraman lezake, baita Ohio edo Missouri edo dena delako institutu galdu batera leporaino armatuta ikaskideak garbitzera doan nerabe neonaziak ere.

Nuklearrari, berriz, Txernobylgo txanpinoia, Fukushimako zauria eta milaka urtean itzaliko ez diren hondakin erradioaktiboen ondorioak lausotu zaizkio, kasik desagertzeraino lausotu ere, apropos, merke zuhurreko ekologismoan sinesten jarrai dezagun eta benetako energia trantsizioa kapitalismoaren bedeinkapen osoarekin egin arte zain egon gaitezen.

Pozik egon liteke lobbya. Nuklearrak izatez eta sortzez dituen «eragozpentxo» horiek desagerrarazita, lehengo ospe txarra iraulita, nolakotasun berriak itsatsi zaizkio klima aldaketaren abaroan. Orain gaitz-erdi da. Orain energia ziurra da, eta merkea, eta konstantea, haize-errotak edo panel fotovoltaikoak ez bezala, natur elementuen menpe aritu behar izan gabe dabilena; baina batez ere «garbia» da, CO2rik edo metanorik isurtzen ez duena, eta beraz eta horrenbestez, «ekologikoa». Digestioaren ostean ateratzen dituen mokordo erradioaktiboei zer egin jakin ahal bageneza. Berun-zementuetan hermetikoki bildu, granitoan ehunka metro sakon lurperatu eta errezatu beste erremediorik ez balego. Hondakin horien hilerria eraikitzeak, kudeatzeak, mantentzeak, ehunka urtetan zaintzeak hainbesteko zorra eta ardura eskatuko ez balute. Belaunaldiz belaunaldiko herentzia amaiezina utziko ez balitz.

Aurreko batean energia nuklearraren apologia egin zidan auzokide batek. Hendaiako badiarako bidean egin genuen topo, kasualitatearen apetaz goi-tentsioko dorre elektriko baten alboan, ni, igande goizeko mendi-itzulitxoa egin berri, eta hura, ogia eta egunkari salduena besapean. Ama alargun adinduaren gorabeherak hartu zituen ahotan, haren Oreretako etxe zaharra, haren bakardadea, haren ezinak, haren Alzheimerra, haren zaintza lanak, eta azkenik, haren elektrizitate eta gas faktura. Isilune luze bat apropos eginik, goi-tentsioko dorreari goitik behera begiratu eta haren pean dagoen koadroa seinalatu zidan tinko.

Koadro horrek ezkutatzen dituen kable lodikoteetatik Frantziako zentral nuklearren argindar soberakinak Hego Euskal Herrirantz, Espainiarantz, doazela azaldu zidan, ingeniaritzaz zipitzik jakin gabe gauza guztien konponbidea ezagutzen duenak nola. «Pentsa! —gaineratu zuen—, apur bat gehixeago erosterik balego, urruti legoke kilowatt bakoitzak egun batetik bestera ageri duen igoera asaldagarria». Horri esker omen gaude Bidasoaren alde honetakook, beste aldekoak baino hobeto.

Berriketan aurrera egin ahala, Macronen plana etorri zitzaidan akordura, zentral nuklear txikiagoak azkar batean garatu eta txanpinoiak bezala zabaltzeko erakutsi duen asmoa, gobernuak horretan inbertituko duen dirutza. Plana gauzatuko balitz, ez zait iruditzen Ipar Euskal Herria libratuko denik, eta estu jarrita, ezta Hego Euskal Herria ere. Tentaldi handiegia litzateke agintarientzat, garai batean Lemoiz izan zenaren gisan.

Zalantza erretoriko bakarra, izango ote dugun indarrik, erauntsia bigarrenez gelditzeko, «Nuklearrik? Ez, eskerrik asko» ozen aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.