Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Bele beltzak

2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Ez da oso jantzia izan behar Planeta suntsituko duten askotariko kalapitak zerrendatzeko. Bele beltzak gara, saldotan hegan. Garai baten boteredunak aritzen ziren horretaz, beren egitekoen artean baitzegoen menpekoei mendean eutsiko zien etorkizun-izua zabaltzea. Ikertu egiten zituzten seinale eta arriskuak, eta profezietan islatzen zituzten, zientziatik edo superstizioetatik jasotako zantzuak errelato bihurtuta. Munduaren amaiera iragartzen zieten bere herkide ezjakinei, eta horrela, beldurraren beldurrez, mendean hartuta eusten zieten, kikilduta baina esaneko, leialtasunari eusteko ikara baino mekanismo hoberik ez baitago. Gaur egun, ordea, gutariko bakoitza bilakatu da munduaren azkena iragartzeko gauza den Nostradamus txikitxo bat.

Ezin dut esan normala ez denik, noski. Bizpahiru aste daramatzagu hitz eta pitz Glasgown egin berri den COP26aren inguruan, Eskoziako hiri horretan eztabaidagai baitzen Klima Larrialdiari aurre egiteko munduaren bide-orria. Plastikoek kontinente baten hedadura hartu dute jadanik munduko azaleran. Planeta urdina grisetik beltzera ari da itxuraldatzen bizkor, uste baino bizkorrago. Basotik basamortura goaz, mundua lehortu egiten ari delako neurririk gabeko uholde eta muturreko fenomeno meteorologikoak orokortzen diren bitartean.

Guri zehazki zer tokatuko zaigun ez dakigu. Badira elurra berriro ez dugula ikusiko iragartzen dutenak, eta beste batzuek, berriz, elurte iraunkorrez ohartarazten digute.

Goi-bilera berotzeko edo, neurriak hartzeko denbora agortzen ari dela ohartu zuten klima-aktibistek eta klimaren zientzialariek, baina, itxura guztien arabera, geu agortuko gara neurriak iritsi baino lehenago. Ñabardurak ñabardura, goi-bilerak ez du lortu iragarritakoaren neurriko adostasunik, ez bada, beste behin ere, espero zitekeenaren azpitik geratu direla munduko potentziak erronkari heltzeko orduan.

Pandemia batetik gatoz. Muturreko pobreziaren zulo beltzak irentsiko duen munduko populazioaren zatia gero eta handiagoa da, eta historian lehen aldiz eten egin daiteke (honezkero eten ez bada) garapenaren soka. Gero eta asimetrikoagoa da gure mundua: aberastasuna eta pobrezia dira hazten jarraitzen duten joera bakarrak.

Horiek guztiak kontuan hartuta, ez da harrigarria ohartzea Utopiak desagertu izana: distopiak nagusitu dira nonahi. Katastrofismoa bilakatu zaigu ideologia berria, den-dena zipriztintzen duena: zinema, literatura, are egunkarietako albiste edo sare sozialetako sasi-albisteak. Irudika dezakegun arte, etorkizuna ez da hobea izango, ez zaigu bururatu ere egiten nola zuzen daitekeen hain okertuta, katramilatuta eta ustelduta datorkigun etorkizun-hazia. Patu beltzari ari gatzaizkio atzetik segika eta gero eta hurbilago gauzka. Ez dakit Historiaren zein unetan hasi zen okertzen etorkizunaren bidea, baina gaur egun zaila da orain arte baino hobeto biziko garela esango dizun inor aurkitzea. Ingurukoekin egin dut nire bost ogerlekoko inkesta eta ez dut aurkitu datorren mundua orain artekoa baino hobea izango dela esan didan arimarik.

Amesten ez dena ez da lortzen eta etorkizuna toki eta garai hobea izan daitekeela amets egiteari uko egin diogu. Apatia fenomeno ideologikoa da: lotu egiten gaitu, mendean hartu, aldaezina dirudiena aldatzean saiatzea alferrik delakoan. Apatia horren ordez, barruak kiskaltzen dizkigun enpatiatik irudika genezake itogarria ez den etorkizunik? Film, liburu eta telebista erreportajeetan irudikatzen dugun katastrofea gelditzea ez da erraza izango, baina amaiera hobeak irudikatzeari uko egiten badiogu, bele beltzak baino, itxaropenaren hezurrak miazkatzera kondenatutako sarraskijaleak baino ez gara izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.