Inaki Galdos
ARKUPEAN

Taktikak eta estrategiak

2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Iruditzen zait ez naizela bakarra uste zuena gero eta zailago egiten zitzaiola EH Bilduri mendebaleko hiru lurraldeen erkidegoko aurrekontuari ezezko botoari eustea. Argi dezagun: ez ezezko botoari bere horretan, Madril eta Iruñearekiko boto ezberdinari baizik. Egia da egoera politikoek eta matematikek ahalbideratzen zituztela (dituztela) oposiziorako molde ezberdinak, baina nabarmenegiak ziren gauza bertsuen inguruan Arnaldo Otegirenen jarrera sarri kontrajarriak eta horrek zaildu egiten zuen azalpen logikoa plazaratzea. Jarrera diogunean, gainera, ez dugu soilik botoa aipatzen, diskurtsoen tonua ere bai, sarri garrantzitsuagoa dena.

Horri guztiari bi datu gehitu beharko genizkioke. Alde batetik, Pedro Azpiazu sailburuak (edota bere alderdiak) erakutsitako abilezia negoziazioan eta negoziazioaren komunikazioan. Horrekin batera edo horren gainetik, ezker independentistak aspalditxotik erabakia zuen ziabogan urrats bat gehiago eman beharra. Gainera, horrelako paktu orotan gertatu ohi den bezala, sinatzaile guztiek izan ohi dute helduleku garrantzitsua euren etxe barruetan erabakia zuritzeko. Gure kasuan, jelkideek esan dezakete zazpi orrialdeko akordioaren seigarrenean EH Bilduk konpromisoa hartzen duela aurrekontuko magnitude (sic) nagusiak hutsaltzen dituen neurririk eta ekimenik legebiltzarrean ez hartzeko, eta bildukideek esan dezakete orrialde bereko hurrengo lerrokadan garbi utzi dutela bere jarrera ideologiko eta programatikoaren arabera egokitzat jotzen dituen ekimenak aurkeztu ahalko dituztela, adostutako aurrekontuaren kontrakoak ez badira behintzat. Denak gustura, beraz.

Bistan da Andoni Ortuzarren alderdiak onura handia lortu duela akordioarekin. Alde batetik zentralitatea irabazi du, erakusten ari da gaitasuna duela guztiekin akordioak lortzeko, matematikoki beharrik izan gabe ere. Eta bestetik, sotilki bada ere, mezua bidali dio gobernukideari. Zehatzago esanda, erkidegoko sozialisten idazkari nagusi aukeratu dutenetik harroxko xamar ageri zen Eneko Anduezari: gu urduri jartzeko zuk farol gisa iradoki baina (momentuz) egin ezin duzuna guk lasai asko egin dezakegu. Baina ez dira Sabin Etxekoak gure gaurko protagonista nagusiak. Zein da EH Bilduren jarrera aldaketa honen inguruko irakurketa?

Honen haritik, Julen Mendozak zerbait gertatzen ari dela esan berri digu bere blogean. Gurean bizitzen ari garen beste hainbat gertakizunekin batera aurrekontuen akordio honek trantsizio modukoa osatzen dutela. Martxelo Otamendik, bestalde, EH Bilduren estrategia aldaketa nabarmena aipatu zuen hemen igandean lerroburutik bertatik, Galiziako Maria Obelleiro eta Kataluniako Vicent Partalekin igandero izaten dituen gutun gurutzatuetan. Baieztapen borobilak bienak ere, nik baino gehiago dakitenen teklatuetatik jaurtiak.

Susmoa daukat, ordea, irmoegiak, zehatzegiak izateko joera daukagula sarri horrelako azterketak egiteko orduan. Adibidez, ez dago urrutiegira joan beharrik gogoratzeko noiz eman genuen betirako hiltzat orain poliki-poliki Espainian berreskuratzen ari diren bipartidismoa, noiz eman genuen fenomeno iraunkortzat handik urte gutxira hiltzear dagoen alderdiren baten susperraldia, noiz iragarri genuen sekula gertatu ez zen sorpasso esanguratsuren bat.

Ukaezina da ezker independentistak aspalditik duela erabaki bat hartua eta martxan jarria, gorago aipatutako ziaboga. Halaber, onartu beharko da Gasteizko aurrekontuen hau giro horretan kokatu beharko dela. Baina, seguru al gaude bide bat irekitzen duen mugimendu estrategiko sakona izan beharrean ez dela egoera jakinak bultzatuta eragindako jokaldi taktikoa? Ahaztu egin al ditugu ez hain aspaldi akordio honen bi protagonisten artean izandako hainbat itun sakonki aztertzen eman genituen orduak, handik gutxira bertan behera nola geratu ziren ikusi genituen arte? Barkatuko didate itxaropentsuek (eta eskertuko didate haserretuek) baina momentuz aurrekontuen inguruko akordioa daukat begi bistan. Nahi nuke haratago ikusi ahal izatea, baina momentuz ez dakusat besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.