Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Aldaketak

2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Lagun ikusezinak argazki-kamera analogikoa oparitu dio alabetako bati. Harrituta geratu naiz, nola eta zertarako erabiliko duen ez baitut argi ikusten. Sakelako telefonoa argazkiez zamatuta daukala kexu egiten du maiz, Instagramen istorio etengabeen garaian bizi da eta kosta egiten zait imajinatzea aldez aurretik ikusi ez dituen 24 edo 36 argazkiko karretea errebelatzera eramango duenik, paperezko kopiak ordaindu eta gero album baten itsatsi egingo dituenik. Argazkiak eta argazkiak daudela, eta irudi batzuk paperean gorde egin behar direla esan dit, irmo.

Gure aitona-amonek beren argazki bakarra zeukaten etxean jarrita. Argazkilari batek egina zen —nola bestela garai hartan?— eta propio harako apainduta ageri dira han, amona besaulki baten eserita eta aitona, haren beso gainean eskua jarrita, serio, tente. Gurasoen etxean dago orain argazki hori, familia-altxorra baita. Luxu txiki edo handi bat zen norberaren argazki bat edukitzea garai hartan, kasurik onenean, bizitzan behin egin ohi zen zerbait. Ni berriz, alaben artxiboa galtzekoan egon nintzen behin, jaio zirenez geroztik egindako argazki guztiak gordetzen nituen disko gogorrak errore mezu permanentea eman zuenean. Beren bizitzako lehen urteko paperezko argazki bakar bat ere ez nuela ohartu nintzen orduan. Adiskide batek konponduko zidan afera, eta egun batzuetara berreskuratu nuen diskoa, ez ordea argazki guztiak, ezta gordetako sailkapenean ere, baina gaitz erdi. Orduan ikasi nuen aurrerabidetzat hartu ditugun abantaila teknologiko guztiek aurrekoa baino hobea zertan izanik ez dutela.

Bukatu berri den 2021 urteari buruzko askotariko datu-andana argitaratu da azken aste hauetan, eta batek harritu nau: inoizko gidabaimenen kopururik txikiena jaulki zen joan den urtean, eta gainbehera urtez urte handiagoa da, gazteen artean autoaren balio soziala erabat depreziatu baita. Duela hamarkada bat baino gehiago, adin-nagusitasunera iritsi eta gidabaimena ateratzearekin amets egiten genuen. Boomer belaunaldikoa naiz: kontzientzia ekologikoa ez zetorkigun serietik emana, eta autoa eduki nahi genuen, askatasunaren, autonomiaren eta nortasunaren sinboloa baitzen. Nondik gentozen hartu behar da kontuan: gure aitak bere bizitza osoan zehar bizpahiru auto baino ez ditu izan jabetzan (lehena erosi zuenekoa hamaika aldiz kontatu digu) eta nik dagoeneko zazpi izan ditut, azkena errentan hartuta. Itxura guztien arabera, belaunaldi bakar baten itxiko da, atzera ere, zirkulua.

Zer pentsatua eman dit ohartzeak gure etxean luxu berberarekin amets egin, hutsaltzeraino normaldu eta mespretxatu egin duten hiru belaunaldiak bizi garela. Oraingoz, harmonian bizi ere, aztura eta baloreen arteko talka agerikoegirik gabe, baina ez dut argi ikusten noiz arte iraungo duen oreka horrek. Batzuetan harritu egiten naiz jabetzen naizenean nola itxuraldatzen ari den hondoko itsasoa, azalean eragin agerikorik ez badu ere.

Gizarte-joerak ez dira egun batetik bestera azaltzen, baina zantzuak badaude ikusteko aspalditxotik datorrela gauzekiko gure harremana ezbaian jartzekoa. Zorionez. Krisiak mingarriak dira, egokitzapen-ariketa halabeharrez ezarri eta areagotu edo bizkortu egiten dituztelako lurrazpiko mugimendu sor horiek, atzeraezinak bilakatzen dituzten arte.

Edward de Bono pentsamenduan adituak esan zuen sistema batera egokitzen trebe dena nekez jabetuko dela sistema horrek aldaketa sakona behar duenean. Eta bai, ondoegi egokitu naiz, antza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.