Inaki Galdos
ARKUPEAN

Erresistentziaren epika

2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Bete-betean asmatu zuen egunkari honek igandeetako alearen zati potoloena gai nagusi bati monografikoki eskaintzen. Gerta daiteke —gertatu izan zait—aukeratutako gaiak irakurlearen interesa ez piztea eta, ondorioz, egun horretako irakurgaia dezente murriztea, baina oro har gogoeta interesgarriz hornituak etortzen dira orrialde horiek, erreportaje eta elkarrizketa landuak tarteko. Hori gertatu zen herenegun, euskararen erabilera hizpide hartuta osatutako hariarekin.

Unibertsitatean Karmele Rotaetxe izan genuen soziolinguistika irakasle. Ordurako, ia aldi berean, Jose Mari Sánchez Carrión, Txepetx, eta Txillardegiren ekarpenak hasiak ginen gureganatzen, han-hemenka idazten zituzten eta ematen zituzten hitzaldi eta ikastaroen bidez. Berandutxoago bihurtu zitzaigun Kike Amonarriz erreferente—barka biezadate aipatu gabe utzi edota ezagutzen ez ditudan beste aditu guztiek—, eta orain, berrikiago, Fermin Etxegoienen gogoeta nobelatuak izan dira gaiaren bueltan gustukoen irakurri ditudanak, baldin eta oñatiarrarena soziolingustikaren parekotzat hartzerik badago. Ezagutza murritza, beraz, aitor dezadan lehenbailehen.

Natorren harira. Azken urteetan euskararen erabilpenaren bueltan administrazio publikoko esparru anitzek, mundu akademikoak eta euskalgintzako erakundeek egindako ikerketak, proposatutako neurriak eta antolatutako kanpainak asko izan dira, batzuk besteak baino arrakastatsuagoak, jakina. Kezka hor dago, hizkuntzaren ezagutzaren inguruko kezkari gaina hartu diona, bistan denez. Eta giro honetan deigarriena egiten zaidana zera da, ze garrantzi txikia ematen zaion (edo behintzat ze gutxi esplizitatzen den) gaur egun erresistentziaren epikari, hilzorian dagoen hizkuntza bat salbatu beharrari. Baina ni bizi naizen Euskal Herrian ez dut arrazoi eraginkorragorik aurkitu azken hamarkadetan zehar, hainbat eta hainbat euskaldun hizkuntzaren erabilpen aktibora bultzatzeko, bueltatzeko.

Pasa den igandeko orrialdeetan Txerra Rodriguez izan zen Julen Aperribai kazetariari erresistentzia hitza aipatu ziona, aitortuz euskarari eutsi ahal izateko luzaroan bizirik egon den paradigma honekin oraindik ere jarraitu beharko dugula. Poztu egin nintzen hori irakurtzean; baita beste gogoeta hau ere: erresistentzia eta haize berriak elkarren eskutik joan izan dira euskalgintzan, ez dira bateraezinak, 60ko hamarkadan sortzen hasi ziren ikastolak lekuko. Alderaketak alderaketa, azken aste hauetan xisteraren munduan (zesta-punta idatzi behar ote dut?) bizi den susperraldia etorri zitzaidan gogora, egia baita beharrezko ziren berrikuntzek (telebistako emankizunetan, arauetan, diseinu eta estetikan...) bultzada eman diotela, baina Ameriketako jipoiaren ondoren hilzorian dagoen modalitatea egoera horretatik atera beharra, erresistentziaren epika hor egongo ez balitz, ez dago ezer egiterik. Pilotazale zahar batek zioen bezala, pilota salbatutzat ematen dugun unean hasiko dira berriz frontoiak husten. Hori da gure patua: hizkuntzarena, kirolarena, herriarena.

Euskararen erabilpena hedatzeko bidean, dozenaka lehentasun egongo dira hona hizpide ekarri dudanaren aurretik: hizkuntzaren prestigioa, errealitate berrietara moldatzea, esparru guztietara zabaltzea, administrazioei konpromiso handiagoak eskatzea, hezkuntza sistemen eraginkortasuna... eta abar luze bat. Hala ere, barkatuko didate adituek nire atrebentzia, uste sendoa daukat gorago aipatutako patuari, gure agonia infinituari, etekina hobeto ateratzen asmatu behar dugula. Eta onartu behar dugula, paradoxikoa badirudi ere, normalkuntzaren bidean izan dezakegun aliaturik handienetakoa normalkuntza hori lortuko ez dugula jabetzea dela. Euskararen erabilpenak, beste guztiaz gain, erresistentziaren epika indartsuagoa aktibatu beharra dauka. Harro, konplexurik gabe, erakutsiko den epika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.