elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Elizaz eliza

2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Errepublikaren Eguna eta Ostegun Santua parean gertatu dira ba aurten. Parean, bata bestearen gainean —zein zeinen gainean?— edo elkar ikusi ezinda? Aurreko astean han zebiltzan Bilbon, San Mames inguruan, danbor-joleak entseatzen, Aste Santua iragarriz. Espero dut gaur antzemango dela zerbaitetan, Eibarren behintzat, 91 urte betetzen direla Errepublika aldarrikatu zutenetik.

Elizaren inguruko proposamena dakart; danborren parafernaliarik gabe eta ikuspegi laikotik. Isabel Mellen historialari gasteiztarrak argitaratu berri du galdu ezinezko liburu bat: Tierra de damas. Las mujeres que construyeron el románico en el País Vasco (Sans Soleil argitaldaria, 2021). Erdi Arora goaz, XI.-XIII. mendeetara, Arabaren ingurumarira. Hasteko, baieztapen hau egiten du historialariak: «Emakumeak Erdi Aroko mendeetan Aro Garaikidean baino zapalketa gutxiagorekin eta botere handiagoarekin bizi izan ziren». Hori Euskal Herriari dagokionez.

Egilearen tesia da landagunean bizi ziren nobleziako emakumeek boterea eta aitorpen sozial nabarmena zeukatela, eta egoera horrek ahalbidetuta, herrietako eliza erromanikoen sortzaile izan zirela. Izan ere, Eliza erromatarraren sarea sustraitu gabe zegoen artean gure lurraldeetan, eta hutsune hori nobleziak betetzen zuen. Konparazio grafikoa egiten du Mellenek: «Toki bakoitzeko dama eta jaunek —batez ere damek— tenpluak eraikitzen zituzten errotak, burdinolak edo dorretxeak altxatzen zituzten bezala». Beraz, negozioaren barruan sartzen ziren, nolabait, gurtzarako tokiak ere.

Dena dela, tenpluen kasuan, oinarrizko arrazoia senitartekoen gorpuak bertan hobiratu ahal izatea zen. Hortik dator eliza horietan oraindik irauten duten harrizko irudiek ematen duten informazioa: emakumezkoak buruko estalki sofistikatuarekin ageri dira; gizonezkoak melenarekin. Horiek dira Erdi Arotik datozkigun erretratu paradigmatikoak, garaiko nobleziaren tankera —eta moda— erakusten dutenak.

Gerrak eta lurraldearen zaintzea gizonezkoen eginkizunak ziren. Etxea —eta etxaldea— gobernatzea emakumeen gain zegoen, eta hortik ondorioztatzen du Mellenek damak zirela, oro har, tenpluen eragileak ez ezik, zinezko egileak, sorkuntza intelektualaren aldetik. Liburuaren izenburuak biltzen duen ideia, alegia: Damen Lurraldea. Euskal Herrian erromanikoa eraiki zuten emakumeak. Azterketan genero ikuspegia sartuta, Mellenek irauli egin du historiak orain arte kontatu diguna.

Hilabeteak dira agendan apuntatuta daukagula Arabako elizak bisitatzera joateko plana: Gazeo, Añua, Tuesta, Alaitza... Azken honetako pinturak lehen aldiz ikusi nituenean, komiki baten aurrean nengoela iruditu zitzaidan; Erdi Aroko komikia, estilo zeharo naifean marraztutako pertsonaiekin, andrazko ugari tartean; interpretatzen zaila, nolanahi ere, zorioneko obra. Orain, beste hurbiltze bat izango dut, begirada aztiagoarekin, Isabel Mellenek emandako argibideei esker, nahiz eta galdera ikurretatik zintzilik geratuko naizen berriro, ziurrenik. Nolanahi ere, ez al da liluragarria duela hamar mendetako arbasoek zer adierazi nahi ziguten miatzea?

Oraindik ez zaizkit agortu eliza kontuak. Ekainean berrekingo omen diote Donostiako Artzain Onaren katedrala konpontzeari. Duela ia bi urte kanpandorrea errestauratu zuten. Orain, katedraleko gorputzaren ezkerreko aldeari helduko diote; aurrekontua bi milioi euro pasatxokoa da. Espainiako Gobernuak finantzatuko du kostuaren %75. Hortik aurrerakoa Gotzaindegiak jarriko omen du, “Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuen bitartez”. Nola ulertu behar da hori? Pista bat: kanpandorreko obretan Elizbarrutiak %12,5 besterik ez zuen xahutu; gainerakoa zergapekook ordaindu genuen, Espainiako Gobernuaren, Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Diputazioaren eta Donostiako Udalaren bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.