mikel elorza
ARKUPEAN

Zenbat eta gorago...

2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Karikatura da abadea edo irakaslea irudikatzea, meza ematen —bata zein bestea—, peluxezko tximino bat astintzen, eliztar edo ikasleei esanez gizakia tximinoagandik baldin badator, nolatan ez den orain haiengandik gizakirik jaiotzen! Kreazionisten sektakeriak, eta setakeriak, alde batera, eboluzioaren teorian sinesten dugunok badakigu hori okerra dela, planteamendua bera dela faltsua. Ez dela noski tximinotik gizakirik jaioko. Oso eboluzionista izanagatik ere, kontrakoaz ez nago hain seguru, ezin ote den gizakiongandik tximinorik jaio, gaur egun, hemen eta orain.

Izan ere, gorilaz gero eta beteago ikusten ditut bazterrak. Gimnasioetan fisikoki ere haien antz gero eta handiagoa hartzen dugula, hominidook batzen gaituena garunaren garapena baino bizeps eta pektoralen lanketa balitz bezala ari gara, koskagintzan jende mordoxka bat. Eta giharren lanketa baino ez balitz, gaitz erdi; egin dezala bakoitzak gura duena bere gorputzarekin (nahiz eta oraindik ere pentsatzen dudan giharren lanketa intentsiboa garunaren lanketari alderantziz proportzionala dela gehiegitan). Arriskutsua da kalean —eta etxe barnean— gorilarena egiten ibiltzea, bularrari kolpeka orro betean, metaforikoki bada ere, gure gizontasuna —alegia, gorilatasuna— aldarrikatzen, lau haizetara zabaltzen. Espezieko eme*ekiko jokabideak erakusten du: eguneroko hilketen, bortxaketen, abusuen albisteek horiek bai orro lazgarria osatzen dute. Eta entzuten ez ditugunak. Eta mikro- aurrizkia jar geniezaiekeen beste eguneroko hainbat kontu, medioetan sarbiderik ez dutenak, hala ere ur-tanta etengabe bat bezain zulatzaile eta kalte-eragingarriak izan daitezkeenak. Esandakoa, gaitz erdi arazoa crossfit eta antzekoak hain boladako egotea izango balitz!

Txinpantzearena ere egiten dugu. Ez hain formatu kulturistan, alegia, gorilaren espantuaz akaso ez, baina bortxa maila handiagoz, eta sorrerako arrazoia zein den inork ez dakiela, edo azkenerako ahaztua ere badugula, tarteka elkar akabatzen dugu, taldeka. Formatu txikian, edo eskala handian, jokaleku anitzetara moldatzeko gauza gara. Gatazkaren ingurunera primeran moldatzen gara, eta hautespen naturalari hautespen artifizialaren bitartez bultzadatxoa ere ematen diogu.

Eta elkar azkentzera iritsi gabe ere, babuinoen moduan jarduten dugu maiz, oraintxe elkarri zorriak kenduz, oraintxe haginka eginez; babesteko besarkatuz eta segidan besarkada estutuz arnasa kendu arte... Sare sozialetara txango bat egitea besterik ez dago: muxuen aldamenean 140 karaktereko platano-azalak airean ibiltzen dira, sarri harri bat bilduta dutela. Eta berdin beste sareetan, eta ez hain sozialetan.

Gehiegikerian erori naizela ez dut ukatuko, neuk ere karikaturara jo dut. Gehienak nik goian marraztutako komiki-zintatik at bizi dira, hala pentsatu nahi dut, baina ildo bereko zenbait albisteren errepikapena zapuztailea da oso. 21 eta 24 urteko bi neska pakistandar, Katalunian bizi zirenak, Pakistanen zeudela, hitzarturiko ezkontza bati uko egiteagatik hil dituzte, kolpatu ostean, haien senide eta ezkongaiek, anaiak bultzatutako ohore-krimen deitutako horietako batean. Eta holako, eta okerragoko, zenbat oraindik ere? Ohorea. Ze asmakizun terriblea!! Hori bai birusa, kutsakorra erabat, eta hilgarria ez ezik hiltzailea.

Ez nauela harritzen, alegia, tximuen baztanga deituriko horrek gugan ere habia egitea. Gutxitxo zabaltzen ez ote den ari. Garenerako. Merezi dugunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.