garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Bakoitzari berea

2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Tipo zintzoa da beheko bizilaguna. Diosala behar bezala egiteko astia hartzen du beti, atseginez agurtzekoa, bereziki, terrazara atera bada eta balkoian sumatu bagaitu, eta sarritan gertatzen da halakorik, hiru apartamentutan banatutako etxe honek horixe baitu denetan bereziena: kanpoaldeko egutera. Bere gizatasunaren seinale, semeei dien begirunea nabarmenduko nuke. Goraipatzekoa da zein maiteak dituen bere bi mutiko koskorrak, zenbat ordu ematen dituen haiekin jolasean, zein goxo mintzo zaien, bihurrikeriatan edota elkar egurtzen harrapatu izanda ere.

Zintzoa ez ezik, auzokide eredugarriaren etsenplu ere badela esan liteke, etxeko bileretan marmarrik gutxi eta jarrera ezin baikorragoa izaten baitu kasu gehienetan. Gainera, ez da brikolajezalea, ez ditu mailua eta zulagailua etengabe eskuan, alboko beste bizilagun gizasemearen antzean (hormak dardara batean jartzeari afizio ikaragarria hartu dio erretretara pasatu denetik). Estimatzen hasita, lagunarteko festei eta barbakoei neurria hartzea ere biziki estimatzen diot nik neronek: inoiz ez du parrila erraustegi bihurtu.

Odolkiak ordainetan izaten direla irakatsi ziguten txikitan, eta, esanekoa naizenez, nik ere ez dut harekin atsegina izateko aukerarik galtzen. Mesedetxo domestikoak egiten aparta naiz, edozein ezustekotan lagun dezaket, eta erraz-erraza dut egia esan, etxetik aritzen bainaiz beharrean.

Aurrekoan, adibidez, kaxa handi bat jaso nuen harentzat. «Hartuko zenuke?», erregutu zidan pakete-banatzaile presatuak espaloitik, furgoi baten motor-hotsa geldirik sumatu eta balkoira atera nintzenean. «Atzera bueltan eraman beharko nuke bestela», desenkusatu zen gero pena tonuan, traste elektroniko batean sinarazi eta bizpahiru kiloko paketea jada nire gain utzita.

Lepoa jarriko nuke ez zuela behekoaren txirrina jotzeko nekerik ere hartu. Lepoa jarriko nuke gorantz begiratu zuela zuzenean, gure balkoirantz alegia, jende arruntaren lanorduan etorri zela kontuan harturik. Elkarren ezagunak gara denak hemen.

Bazkalostean haren ama sumatu nuen. Kantari heldu zen, herriko eskola ingurutik oinez, bi mutiko koskorrak alde banatan zituela, bat patinetean ziraldoka, eta bestea zapuztuta, bizkar-zorroaren zamaz kexu. Minutu erdirik galdu gabe joan nintzaion, eta kanpoko atakaren sarraila erabat zabaldu zuenerako, hantxe ginen, bizpahiru kiloko paketea eta biok.

Amonak berehala hots egin zion semeari. Segundo eskasetan eman zizkion paketearen gaineko azalpen guztiak: zer, nola, noiz, nork eta zergatik. Eguneko misio konplituaren ordainez, kafea eta galletak eskaini nizkion neure buruari.

Biharamunean sorpresa berri bat eman zidan beheko bizilagunak. Balkoian ginela sumatu orduko terrazara atera zen, espresuki atera ere, beti bezain irribarretsu eta airoso, bere paketeaz arduratu izanagatik eskerrak emate alde. «Mesede handia egin didazu», esan zion nire bikotekideari, parez pare zuena ni neu nintzen arren, «eta biziki eskertzen dizut». Zorretan zela ere aipatu zuen.

Bikotekideak ez zion merezi gabeko lausengurik hartu nahi izan, eta eskerrak ematekotan, niregana zuzendu beharko lukeela eman zion aditzera. Baina hark alderik harrapatzen ez. Txintik ere ez niri. Banatzaileak aipatu zizkidanak esplikatzeko alfer saio baten ostean, burua makurtu eta isildu egin nintzen neu ere.

Gauzak garbiago daude geroztik. Orain badakit harentzat zein toki dudan inguruotako gizakion eskalan: ez naiz bere bizilaguna, bere goiko bizilagun prestuaren emaztea besterik ez naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.