Merezi bai, baina irabaztea falta

Ingalaterrak eta Alemaniak Eurokopako finala jokatuko dute bihar, Wembley estadioan

BERRIA.
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Zehaztasuna eta ausardia. Eskarmentua eta lehen aldiz titulua irabazteko grina. Alemania eta Frantzia. Europako Txapelketa bihar amaituko da, eta selekzio horiek izango dute Wembleyn loria erdiesteko aukera (18:00). Final «parekatua, lehia handikoa eta polita» espero du Ane Bergara futbolari ohiak. «Aukera gutxi izango dira». Alemania ikusten du faborito. «Multzo gisa indartsuagoa dela uste dut; halako partidetan oso ondo lehiatzen da».

Txapelketa ikusita, bi taldeak «merezita» daude finalean, Bergararen arabera. Orain, irabazi egin nahi dute. Bien merituak aletu ditu segidan. «Alemania ikaragarri gustatu zait. Oso ondo daki zein joko komeni zaion, eta nahi zuen tokira eraman ditu partidak. Gainera, hagitz ongi lehiatu da». Martina Voss-Tecklenburgek zuzentzen duen selekzioak multzo moduan erakutsitako «sendotasunari» erreparatu dio. «Finalerdietaraino ez zioten golik sartu. Taktikoki oso ondo landuta dago, jokalariek elkartasun handia dute presioan, eta fisikoki indartsua da. Alemaniarren izaera eraginkor eta zehatz hori erakusten dute». Bi jokalari nabarmendu ditu joko horren erakusle gisa: Alexandra Popp eta Lena Oberford. Lehena selekzioko kapitaina eta izarra da. «Golak sartzeaz gain, izugarria da taldeari defentsako lanean ematen diona. Hura izaten da presioa egiten aurrena. Frantziaren aurka, ikustekoa izan zen azkenera arte nola aritu zen horretan». Oberfordek egiten duen lan isila ere goraipatu du. «Oreka handia ematen du».

Bergarak nabarmendu du Ingalaterrak ez duela hain txapelketa «osoa» egin: «Multzo gisa Alemania baino gutxiago izan dela uste dut, eta, hain erasokor jokatuta, atzean hutsune gehiago uzten ditu, batez ere hegaletatik. Baina aurrean ikusi da zer-nolako erraztasuna duen golak egiteko, eta hori ere oso garrantzitsua da halako txapelketetan». Sarina Wiegmanek zelai erditik aurrera dituen jokalarien «abiadura eta mugikortasuna» nabarmendu ditu: Beth Mead, Georgia Stanway, Francesca Kirby, Lauren Hemp... «Horrekin min egin diezaiokete Alemaniari».

Finalaz azterketa hau egin du: «Uste dut Alemaniak ezarriko duela jokoaren erritmoa. Partida pixkanaka landuz joango da. Ez da urduri jarriko, eta zelaian ondo jarrita egongo da. Ingalaterrak, berriz, bizi jokatuko du, eta ondo aprobetxatu beharko ditu Alemaniak utziko dizkion aukera apurrak».

Aukera apurrak alferrik galtzen ez dituzten aurrelari horietatik bat du selekzio bakoitzak: Mead eta Popp. Biak txapelketako goleatzaile nagusiak dira: seina sartu dituzte, eta Inka Grings alemaniarraren marka berdindu. Orain arte, hark sartuak zituen Europako Txapelketako azken fase batean gol gehien. 2009ko Eurokopan sartu zituen.

Bergararentzat, «zaintzen oso zailak» diren bi aurrelari dira. Bietako bat aukeratzea zaila egiten zaio. Baina, bat esatekotan, Popp nabarmendu du. «Mugitzeko orduan, oso inteligentea da. Askotan egiten du atzera, aurkariak ezustean harrapatu eta buruz edo oinekin indarrez sartzeko. Atzelarientzat, ez dira batere erosoak halako aurrelariak. Izan ere, defendatzen zailak izateaz gain, asko zailtzen dizute baloia ateratzea, presioarengatik».

Bilakaeraren isla

Gringsek sei gol sartu zituen Eurokopa hartan jokatu zuten, hain zuzen, elkarren aurkako finala Alemaniak eta Ingalaterrak. Alemaniarrak gailendu ziren, nagusitasunez: 6 -2. Bihar irabaziz gero, bederatzigarren titulua lukete —hamahiru aldiz jokatu da txapelketa—; ingelesek, berriz, lehena. «Alemaniak alde ditu eskarmentua eta lehiakortasuna; Ingalaterrak,berriz, zaleen babesa».

Izugarri gozatu du txapelketarekin. «Tekniko-taktikoki, fisikoki eta ikusgaitasun aldetik emakumeen futbola zer bilakaera izaten ari den islatu du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.