Inaki Galdos
ARKUPEAN

Esquerra eta gu

2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Iruñeko Akordioa sinatu zuten Eusko Alkartasunak eta ERCk 2000. urteko urtarrilean, alderdion arteko harremanei jarraituz. Urte batzuk lehenago EAJ, CiU eta BNGk sinatua zuten Bartzelonako Adierazpenaren erantzuna ere bazen neurri batean ekimen berri hau. Hilabete batzuk beranduago, 2000ko ekainaren bukaeran, Josep Huguet errepublikanoen idazkari nagusiordeak publikoki gonbidatu zituen Xabier Arzalluz eta Xosé Manuel Beirasen alderdiak, erakusten zuen epelkeriagatik CiU baztertu eta eurengana biltzeko. Egun batzuk beranduago zen iristekoa prentsa bidez gonbidapen hura ezagutu zuen Eusko Alkartasuna alderdiko delegazio zabala Kataluniara,ERCrekin urtero izaten zituen jardunaldiak ospatzera. Tentsioa izugarria izan zen. Carlos Garaikoetxea eta Gorka Knörr buruzagiak Josep Luis Carod-Rovira eta Joan Puigcercósekin bildu ziren gauzak baretze aldera. Mesfidantza betirako geratu zen hala ere.

Bederatzi urte beranduago, europar hauteskundeen atarian, ERCk oso gora etorria zegoen Aralar alderdiarekin hobetsi zituen harremanak Eusko Alkartasunaren kaltetan. Oraingo honetan ere, Heribert Barrera eta Joan Hortalàren garai zailetan eta Àngel Colom eta Pilar Raholaren zatiketaren unean bazkide leial izan zuen euskal alderdiari ezer abisatu gabe. Hura ere irentsi egin behar, ahotsen bat izan zen arren (Pello Irujo zenarena, adibidez) aldarrikatu zuena hobe zela harremana hautsi eta hauteskunde haietara bakarrik joatea.

Jelkideekiko harreman gorabeheratsua lehendik zetorkion ERCri. Galeuzca eta antzerako esperientziak ahaztu gabe, 1934ko ekaina izan zen mugarria, orduan gauzatu baitzen bikotekidearen aldaketa, Francesc Cambó eta bere Lliga baztertu (urte luzez erreferentzia izana zutena) eta Lluís Companys, Francesc Macià eta enparauen alde egin zuelako EAJk, Kataluniako laborantza legearen gatazka medio. Berriki, Andoni Ortuzarrek elkarrizketa batean esan zuen —agian maltzurkeria puntu batekin— izan zela 2019an Europara elkarrekin joateko iradokizunen bat, ez zuen argitu noren partetik hala ere.

Dena den, jakina da EH Bildu dela orain Oriol Junquerasen alderdiaren bazkide ofiziala, neurri batean jarraipen logikoa Eusko Alkartasuna eta Aralar alderdiak bere baitan batu zituen koalizioarentzat. Baina ez dituzte Arnaldo Otegirenek baztertu beste eragile batzuekiko harremanak, CUPetik hasi eta Carles Puigdemontekin jarraitu. Jelkideek ere ez, bide batez esanda, horren lekuko baita azkeneko Alderdi Egunean Kataluniako alderdi ezberdinetatik etorri zen ordezkaritza zabala.

Goian azalduak adibide batzuk besterik ez dira ERC alderdiak gurean izan dituen historia eta istorioak erakusten dituztenak, badaude beste asko ere. Gure alderdi politikoekin izandako harremanak; leialtasun eta leialtasun faltak; koalizioak eta saiakerak; hurbiltze, urruntze eta abarrak. Baina beti berea gurekiko protagonismo nagusia. Gaur egun ere horrela da, hiru arrazoi medio: EH Bildurekin duen harreman ofiziala, errepublikanoen ziabogarekiko jelkideek duten gertutasuna eta hauek guztiek PSOEren Madrileko gobernua babesteko (bakoitzak bere erara) duten konpromisoa.

Eta giro honetan iritsi da sedizioaren erreforma ditxosozkoa. PSOEko agintari asko inolako disimulurik gabe esaten ari dira, besteak beste, Puigdemonten estradizioa gauzatzeko helburuarekin egina eta independentismoa hausteko pentsatua dagoela. Legelari zenbait ere gaztigatzen ari dira zirrikitu arriskutsuak irekitzen direla errepresioa areagotzeko. Horren aurrean, gure alderdiak baiezkotan daude, Junquerasenek adostutako lege aldaketa hau ona dela. Tristura ere sortu zaigu batzuoi baiezko hori arrazoitzeko hemen entzun dugun hainbat adierazpenekin. Eta onartu onartzen dugu agian ez dutela baiezkoa eman beste aukerarik, baina geure buruei galdetzen diegu ea ez dagoen betarik diskurtso propioak kaleratzeko, ea beharrezkoa den ERCk bere interesen arabera Madrilen adostutako guztiari itsu-itsuan jarraitzea. Ezin ezkutatu kezka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.