Inaki Galdos
ARKUPEAN

Epaia

2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Gaur ezagutuko daArgentinan Cristina Fernandez Kirchner presidenteordearen inguruko epaia, presidente izan zeneko ustelkeria auzi bat medio. Ez da azkena izango seguruenez, parean suertatzen diren epaile eta auzitegien arabera ireki eta ixten diren beste hainbat kasu ere badituelako zain. Erabat barneratuta dute guztiek zigorra iritsiko zaiola, honen tamainaren inguruan zalantzak dauden arren. Auziaren protagonistak berak horrela onartu zuen atzo Brasilgo Folha de Sao Paulo egunkariari emandako elkarrizketan. Ez da kasualitatea estatu hori aukeratu izana bere adierazpenak egiteko, tematuta baitago bere kasua Lula da Silvak sufritu zuenaren parean jartzeko, horrela nazioarteko elkartasuna errazago bilduko duelako. Ez da lortzeko helburu erraza, ordea, bere zoritxarrerako.

Gordin hitz eginda, oso zalantza gutxi dago Kirchner familiaren eta honen inguruaren ustelkeriarekin. Publikoki onartuko ez duten arren, espazio berean dagoen jende askok pribatuan ez du hori ukatzen. Are gehiago, egun presidentea den Alberto Fernandez eta Ekonomia ministro Sergio Massa bere garaian kirchnerismotik joan egin ziren sekulakoak esaten ustelkeria horri buruz. Horregatik, bi hauentzat lotsatzeko modukoak dira duela urte batzuetako hemeroteka eta bideotekak. Kontua da, guztien behar eta urgentziekin jabetuta, elkartu egin zirela berriz ezinbestean 2019ko hauteskundeetarako. Oso ohitura zaharra, bide batez esana. Zaharra bezain harrigarria, peronismoan doktoretza egin beharra baitago ulertzeko nola den posible esparru berean egotea, ez elkarri mokoka soilik, elkarri tiroka eta elkar hiltzen ere ibiliak diren fakzioak. Tiroena ez da iragana, azken aste hauetan ere gertatu da, birritan gutxienez.

Ez gara hemen hasiko aipatutako ustelkeria kasuen zerrenda egiten. Baina beldurgarria denik ezin uka. Zer gertatzen da orduan? Bada, alde batetik ustelkeriaren kultura oso errotuta dagoela han esparru guztietan, bereziki politikan, eta horrek nolabaiteko immunizazioa ekarri duela, inpunitatearekin batera. Baina batez ere Cristina Fernandezen beharra duela orain agintean dagoen fronteak bizirik iraun nahi badu eta hurrengo urteko hauteskundeei begira aukeraren bat izan nahi badu. Jainkotua ere badu gizartearen sektore batek, bere alde edozer egiteko prest dagoena. «Berarekin bakarrik ez dugu nahikoa, baina bera gabe ezin dugu» da peronismoaren baitan gehien entzuten den esaldia. Horregatik aterako dira bere alde kalera epaiak iritsi ahala; bere kontrakoak badira, jakina. Argi dezadan, dena den, ez direla peronistak esparru horretan mugitzen diren guztiak eta ez daudela esparru horretan Argentinako peronista guztiak ere, barka beza irakurleak sinplifikazioa.

Gertutik jarraituko diogu horri guztiari, baina gaurko gogoeta nagusia beste bat da, azken lerrokadaraino itxoin dudan arren. Susmoa dut hemengo —Europako— ezkerraren aldetik ere elkartasun uholdea iritsiko zaiola hango presidenteordeari. Ezkerraren parte batetik bederen, egia baita gero eta uzkurrago dagoela jende asko hangoarekiko. Eta azken hauteskundeen ondoren (Txile, Kolonbia, Brasil...) kontinente hartako gero eta estatu gehiagoko mapak gorriz ñabardurarik gabe marraztu dituztenek, berriz ere horrela irudikatuko dutela Cristina Fernandez Kirchnerren martirio antzeztua. Bada, bakarrenetakoa izateko arriskua onartuta, aitor dezadan jasangaitza egiten zaidala Gabriel Boric, Gustavo Petro edota Luiz Inacio da Silva Lula Argentinakoarekin zaku berean nahastuta ikustea. Eta ez ustelkeriagatik soilik, dena argitzen hasita. Agian batzuk hasi beharko dira jabetzen han ere badagoela ezker bat, gaur egun agintean dagoen peronismo/kirchnerismo deskribaezinarekin zerikusirik ez duena eta bere kontra borrokan ari dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.