Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Komunean (eta ezer ez da berdin)

2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Aldaketa komunen bidaia ostiral arratsalde batez hasi zen: auto batean hiru belaunaldi desberdinetako bost lagun bildu ginen. Belaunaldien ezaugarriek gutxi dute komunean, baina helburu berari heldu zitzaizkion hirurak: Barakaldoko BECen bilduko zen inurritegiko zati txikietan bilakatzea. Belaunaldi berrienaren zerrendan zegoena Hertzainak desegin eta dozena bat urtera jaio zen, eta etxeko biniloetan eta hauen aldaera modernoan, Spotifyn entzun ditu izar arrakaladun taldearen kantak. Beste bi belaunaldikoek freskoago zituzten talde gasteiztarraren ibilerak, batzuk argitasun handiz eta besteek lanbrotsuago izan arren.

Garena baino gazteago sentitu ginen kontzertuan, saltoka eta eztarria urratu arte kantari aritu ginen, harik eta maskuriaren alarma sentsoreek musikaren zentsore lanak egin zituzten arte. Beraz, une egokienaren abagunearen olatua hartu eta garagardoen ondorio diuretikoak lasaitzeko bideari ekin genion, komunera bidean azkar eta itzuleran mantsoago: ez baikinen Bizkaia Arenara korrika itzuli; Kafkaren transformazioaren aroa begitandu baikenuen metro eta erdi karratuko komun batean.

Egur konglomeratuzko paretak izan ziren errudunak. Emakumeon aspaldiko ohiturari jarraituz, nire ondoko komunean gernu-hustuketa lanetan bi neska zeuden elkarrekin, komun berean sartuta. Euren arteko elkarrizketa nahi gabe etorri zen nire belarrietara, eta nahita, esaten ari zirenari erreparatu nion: menopausiaz ari ziren, hilekoaren ziklo irregularren inguruan, bakoitzak bere barruan sentitzen zuen aldaketez, «adinera iritsi gara» dotore batez apainduta. Bi neskak komunean gorputzaren transformazioaren inguruan ari ziren, eta neronek, ahizpatasunezko irri txikiarekin batera, galtzaren botoia lotzen ari nintzela neure buruari galdetu nion ea gizonezkoek ere halako gaiak izango ote dituzten kontzertu baten erdian txiza egitera joaten direnean.

«Komuna izan zitekeen dena komun zulotik joan da» abestu zuen Maialen Lujanbiok buruz burukoan, ganbarako gaian murgilduta. Onintza Enbeitak entzun eta idatzi zuen txabalita, hainbatek komunean izan dezakegun txapelduna izan liteke: gizonezko ugarik hartu dute faboritotzat aurten ere Hernaniko bertsolaria. Badirudi mutilak mutilen alde eta neskak nesken alde dikotomia hausten ari dela; emakumezko batek gizonezko faboritoa izatea arrunta izan da beti, baina alderantzizkoak bide lanbrotsuagoa izan du. Azken bertsolari txapelketan gizonezko ugari entzun ditut Maialenen aldeko apustua egiten. Eta ez bitez apustuaren paperak komun zulotik behera joan: emakumezkoen aldeko jarrera horiek haurtzarotik harago ere izan dezatela euren bidea. Txabalitak eta bere lanak erakartzen dute; eta beste txabalitek ere bai.

Transexualen komunztadurak ere bere bidea egin du Espainiako Kongresuan. Etiketak jartzen hasi eta desberdintzat dituztenen eta gure arteko alde komun izugarriak arrakaletatik atera dituzte behingoagatik. Diskriminazioaren aurkako neurriez gain, genero autodeterminazioa ekarri digute begien aurrera: norberak erabakiko du zer den, beste inork ondotik kontrakorik esan gabe. Buruak eta gorputzak ildo bera erakusten ez duten kasuetan, eta, batez ere, nerabeen kasuan, arnasgune bilakatu da legea: oraindik hainbat eta hainbat guraso dira euren semearen edo alabaren errealitatea ikusi ezin eta begien aurrean duten egoera «pasako zaio» labur batekin konpondu nahi dutenak. Hauentzat ere komun bereziak egin beharko genituzke, handik behera jira eta bira nola doazen ikusi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.