Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Sare asozialak eta herriko plazak

2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Ez da batere erraza, egungo bizimoduan, elkarguneak topatzea: sinkronizatu gabeko erritmo eta ordutegi pertsonalizatuak daramatzagu. Oso bestelakoa zen nekazari-gizarteetako denbora; uzta-garaiak edo fruitu-bilketak denbora komunitario egiten zuen, talde-lanean. Hirietako denbora hipermodernoaren ezaugarri nagusia, aldiz, erregulazio- edo arautze-falta da. Ezin dugu erraz kointziditu, lantokian egunez, arratsaldez edo gauez txandaka ari garenean; ezin elkartu, bakoitzaren opor egunak oso bestelakoak direnean; ezin geratu, nire ikastaroek zure ordutegiarekin bat egiten ez dutenean... Planak erabat indibidualizatuta daude eta elkarguneak topatzeak sekulako esfortzua eskatzen du.

Egoera horren aurrean, espazio digitala izan daiteke batzeko modurik egokiena. Sare sozialak al dira bizimodu arritmikoarekin bat datorren sozializatzeko bidea? Horrela balitz, agora berri horren ezaugarriak aztertu beharko genituzke: zer harreman mota eraikitzen dira bertan? Deigarria da, hasteko, espazio publiko batean aritu beharrean espazio pribatu batean aritzen garela: munduko enpresa erraldoien esku dagoen plazan. Guztiz bateragarriak ote dira, ordea, merkatua eta agora? Hori da, behintzat, «hodeitako jabe» horien borondatea. Finean, datuak eskuratzea dute helburu, ondoren saltzeko. Haiena da airezko agora digitala eta haiek kudeatzen dute. Egia esan, espazio horretan gaudela, ez gara herritarrak, esplotatzeko datuak baizik. Informazioa gara. Horixe dugu kapitalismo kognitiboaren lehengai nagusia, eta gure arreta zein gure parte-hartzea ezinbestekoa zaie.

Nolakoa da, orduan, sareetan eraikitako polisa? Eric Sadinen ustez, kliken politika hutsalaren partaideak gara bertan: sofan jarrita eta garagardoa eskuan, logika erabat indibidualistak gidatzen ditu ustez sozialak diren sare horiek. Gehiegizko parte-hartzeak, gainera, bakardade sentsazioa areagotzen du. Hori da Sadinen tesia Norbanakoaren tirania liburuan; bertan aztertzen ditu, kapituluz kapitulu, Facebook, Twitter edota Instagramen logikak.

«Zer ari zara pentsatzen?». Horra hor Facebooken hasierako galdera, nabigatzen hasteko amua. Burura datorkizuna partekatu, lagun! Partekatzearen esanahia ahuldu, hutsaldu zaigu, web orri batera bidaltzen gaituen esteka batera murriztuz: zelako eskuzabaltasun digitala! Ondoren, partekatutakoagatik like-ak jasotzea da kontua. Edozein gauza igo daiteke sarera like-en bila: seme-alaben noten buletina, odol-analisien azken emaitzak... Facebookek, noski, jasotako like kopurua ikusgarri egiten du, gizabanakoen arteko konpetentzia cool etengabea bultzatuz.

Twitterren, berriz, jarraitzaile kontzeptua dugu nagusi. Kontua, berriro ere, norberaren jarraitzaile kopura zenbatzea da. Bill Gatesek edo Obamak, adibidez, milioika jarraitzaile dituzte. Twitterrek, kasu honetan, pertsona ospetsu horiek jarraitzeko aukera ematen digu (haien onarpena jaso gabe, Facebooken ez bezala). Famatuek, hala ere, beren kontua gainbegiratzeko eta kudeatzeko pertsonak kontratatzen dituzte... Baina, haiei idazteko aukera daukagunez, gugandik gertu daudela amestu dezakegu, konplizitate bat irudikatu. Munduko star batzuekin harremantzen gara! Ilusio hutsa bada ere, nia puzteko baliagarria izan daiteke... eta baita gorrotoa puzteko ere. 140 karaktereetara murriztutako txioetan emozioak dira nagusi, ez dago patxadaz argumentatzeko tarte askorik. Horrela, lintxamendu digitalak egiten dira hashtag-en bidez. Ematen du beirazko kaiolen barruan oihuka ari diren pertsonak garela...

Amaitzeko, Instagram ere aipa genezake. Bertan, argazkiak dira nagusi; norberaren irudia promozionatzeko biderik zuzenena. Story-ak mundura zabaldutako eguneroko-grafikoak dira, gure bizitzaren kontakizuna minuturo islatzeko. Gainera, instagrammer-ak influencer ere bilakatu daitezke: jarraitzaile asko izanez gero, marka batek fitxatu ahal zaitu bere produktuak sustatzeko. Irudian klikatu eta influencer-aren jantzi guztien berri izango duzu! Alkandora, betaurrekoak, txanoa, zapatak... Identitateak eta produktuak bat egiten dute. Finean, eta esan bezala, kapitalismo digitalerako datu hutsak gara: makrotopaketa unibertsal baten argiz eta kolorez estalitako datuak.

Sareetan sartuta gaude, ados, eta jarraituko dugu sareak erabiltzen. Baina zubiak izatea nahiko nuke, bitartekoak. Ez nuke ahaztu nahi pantailatik kanpo ere elkartzeko desira. Edozein herriko plazatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.