Inaki Galdos
ARKUPEAN

Autogobernua

2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Ezaguna da onartu zenetik Gernikako Estatutuak izan duen ibilbidea. Baita ordura arte gaiaren inguruan mendebaleko hiru lurraldeen erkidegoan izan zen giroa ere: negoziazioak, alderdi politikoen aldeko eta kontrako jarrerak, ETA bien arteko irakurketa erabat kontrajarriak, erreferendumaren kanpaina eta abar luzea. Ez gara, beraz, hori guztia hemen errepasatzen hasiko; bai, ordea, oraindik idatzi gabe —edo ozenegi haizeratu gabe— dauden irakurketa (gertaera) batzuk bihar edo etzi gustura irakurriko ditugun itxaropena adierazten. Gaur egungo egoera izango dugu hizpide; zehatzago, alderdiek gaiarekiko duten jarrera oro har etsigarria. Hori baita batzuok daukagun sentimendua.

Iazko urtearen hondarrean Iñigo Urkullu lehendakaria eta Olatz Garamendi sailburua izan genituen protagonista, biak ala biak haserre Madrilek gure autogobernuarekiko erakusten duen errespetu faltagatik. Lehena, Nadia Calviño presidenteordeari gobernu bien arteko bilera tekniko bat erreguka, besteak beste Europako Funtsen banaketan edota fiskalitatearen inguruko kontuetan Pedro Sanchezen gobernuak duen errespetu faltagatik. Bigarrena, autogobernurako ardura duena, berriz ere bere etsipena adierazten Espainiako Gobernuak ez duelako betetzen eskumenen eskualdaketak gauzatzeko emandako hitza eta adostutako egutegia. Etengabeak dira Eusko Jaurlaritzatik (hobeto esanda, Jaurlaritzako jelkideen aldetik) hara bidaltzen diren arrangura eta gaitzespen mezuak, noizean behin uda egiten ez duten enararen baten iritsierak baretua.

Hango legealdia hasi zenetik, parekoa da Madrileko Gorteetan EAJko ordezkariek erakusten duten jarrera. Ez dago (ia) lege, dekretu edota erabaki proposamenik Aitor Estebanek edo bere taldekideren batek ahotsa altxatzen ez duena Gernikako Estatutuaren urraketaren bat salatuz. Nafarroako Foru Hobekuntzaren Legearena ere bai sarri, bide batez esana. Egia da bidean maiz konpontzen direla irristadak edo iruzur ahaleginak (aukera beza irakurle bakoitzak bere bertsioa) baina tamalgarria da beti zelatari ibili behar izana, are gehiago ustez deszentralizazio handiagoan ere (federalistak omen) sinesten duten alderdien esku dagoenean gobernua.

Ondo egiten dute dagokien lana Andoni Ortuzarren alderdiaren ordezkariek. Baina sarri, sarriegi, eurena da gai hauetan benetan ozen entzuten den euskal ahots bakarra. Eta hori ez da ona. Adibidez, entzun izan ditugu Hego Euskal Herriko gainerako diputatu zenbaitzuk Madrileko Gobernuaren proposamenen bati jotako txaloak, gure autogobernuaren kontrako eraso zuzena zela ohartu gabe joak. Sakonean, badirudi batzuek barneratua daukatela zaintzaile lan hori jelkideena dela, esku-pilotan sakea aurrelariarena den gisan. Beste batzuentzat, ordea, hango gobernuko alderdientzat, gero eta garbiago dago garrantzirik gabeko txikikeriak direla, bai lege-hauste (saiakera) horiek, bai duela hamarkada askotxo lortutako autogobernua oraindik bete gabe egotea. Beti omen dago arrazoiren bat. Gainerakoen jarrera hauek ere azaltzen dute neurri batean EAJren sendotasuna EAEn.

Bigarren taldekoekin ez dago momentuz itxaropentsu egoterik, baina EH Bilduk gai honekiko duen jokaera moldatu beharra dauka, azken hamarkada pasatxoan beste hainbat kontutan aldatu duen bezala. Ulertu behar du Eusko Jaurlaritzari emandako hitza ez betetzea ez dela EAJri eraso (eta kalte) egitea soilik, berri txarra dela guztion autogobernuan urratsak egiteko. Are gehiago, ez dagoela Gasteizko Gobernuan egon beharrik ahotsa altxatzeko. Ez dira bateraezinak ezker abertzaleak Gernikako Estatutuarekiko izan zuen jarrera —orain ere egiten duen irakurketa historikoa—, eta gaur egungo testuinguruan beste jite bat erakustea. Gai honetan ere jelkideei konpetentzia egiten hasten bada, berri ona izango da gure autogobernuarentzat. Independentzia lortu bidean honek guztiak berebiziko garrantzia duela pentsatzen dugunontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.