Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Urte berria, bizitza berria?

2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Sarritan amesten dugu beste bizitza batekin: behingoz aldatuko gara eta bizitza berri bat eraikiko dugu! Oraingo arazoak konpondu, hutsegiteak gainditu, helburu berriak gauzatu... Badirudi, zentzu horretan, urte berria bereziki aproposa dela asmo horiek berpizteko, bizimodu zoriontsuak, iraultzaileak, berritzaileak irudikatzeko. Promesaz beteriko momentua: gaur bertan hasiko naiz aldatzen. Ci vuole un'altra vita: aspaldi abesten zuen hori Franco Battiatok.

Baina nondik bideratu aldaketa? Guztiarekin apurtu eta zerotik hasi beharko genuke, akaso? Pertsona berriak izan beharko genuke? Ni, egia esan, nahiko eszeptikoa naiz erabateko aldaketaren ideiarekin, hasiera berrien kontakizunekin. Urtea hasi zenetik egun batzuk baino ez dira igaro eta borondate onez beteriko hitzak arin eraman ohi ditu haizeak...

Agian beste era batera pentsatu beharko genuke aldaketaren kontzeptua. Agian epika kendu beharko genioke, data berezien heroismotik aldendu; berpizkunde baten goraipamenetik askatu. Letra larriz idatzi nahi den aldaketa ezohiko gertakizun baten zain dago, konbertsio baten esperantzan, irudikatutako haraindi batera ihes egin nahian. Eta, finean, planteamendu nahiko hiltzailea dela uste dut, gorroto ezkutuz eta gogo suntsitzailez epaitzen duelako orain arte bizi izandakoa: aurrekoarekin apurtzea da kontua, bide berriak proiektatzeko. Baina ez al da edozein bizitza berri aurrekoaren ondorioa? Ez al da, modu batera edo bestera, horren jarraipen bat? Horretan datza edozein berritasunen anbiguotasunak: aurrekoaren itzala berarekin darama. Eta, agian, hobe da itzal hori ere kontuan hartzea, erabat lehertu gabe. Izan ere, ez al da gure itzala lehertzea geure buruaz beste egitea?

Horregatik, maitagarriagoak, sinesgarriagoak eta zintzoagoak egiten zaizkit bozgorailu handirik gabeko aldaketa txikiak, ia konturatu gabeko metamorfosiak. Egun, ordea, BERRIKUNTZA letra larriz idazteko joera daukagu: beste hiri batean, beste pertsona batekin, sekula bururatuko ez litzaizukeen lanpostuan... Agian horretan datza neoliberalismoaren erretolikak: sor ezazu zure abatarra eta nahi duzun bizitzaz gozatu metabertsoan!

Oso bestelakoa da Francois Jullien pentsalariaren ikuspegia Bigarren bizitza bat saiakera ederrean. Bigarrenaren eta lehenengoaren arteko elkarrizketa gisa planteatzen du berak aldaketa, denarekin moztearen ideia sinpleegitik aldenduta. Momentu mitikorik gabeko aldaketak dira liburuan irudikatutakoak, askotan detaile txikietan baino ez direnak arnasten. Horren adibide franko ematen ditu saiakeran zehar, oso modu poetikoan.

Liburua bigarren aldiz irakurtzera joan naiz eta berak esandakoa sentitu dut: lehen eta bigarren irakurketen artean, ohartu gabeko hainbat detaile berri dastatu ditut. Hori bera dio autoreak, adibidez, Madame Bovary liburua behin baino gehiagotan irakurri ondoren izandako esperientzia deskribatuz: zenbat eta gehiagotan irakurri, orduan eta harridura gehiago, topatutako detaile berriekin. Berrirakurketa aberatsa da: jada ez dago amaierara bakarrik bideratuta, ez dauka nonbaitera iristeko egonezina, dastatzailea da.

Bizitzaren berrirakurketa dugu, agian, aipatutako aldaketa isil horiek gauzatzeko bidea? Detaile berriak topatzeko abagunea? Aldaketa horietaz denbora pasa ondoren soilik ohartuko gara: ez daukate etorkizunean jarritako borondate itsuarekin zerikusirik. Erreparatu ondoren konturatzen gara zeozerk eragin digula, aldez aurretik irudikaezina bazitzaigun ere. Beharbada, bizi izandako kontu batzuk beste era batera ulertzea izan da; beharbada, eguneroko haserrealditxoak beste modu batera hartzea; gauza batzuk apurka-apurka egiteari uztea; aldaketa maiuskuluen ilusio batzuk galtzea... Aurrerantz joan beharrean atzerantz ote doaz Jullienek aipatutako aldaketa mota horiek?

Egun, eraberritzearen eta disrupzioaren aldeko garaian, ez dago oso ondo ikusia errepikapena: birpentsatzea, berrirakurtzea... denbora galtzea baino ez omen da. Baina Heraklitok, filosofo zaharrak, denboraren hunkidura azaldu nahian jada aipatu zuen: «Eguzkia zaharra da eta egunero berria». Arnasa eta denbora hartu: gauzak beste era batera errepikatzeko aukera ere badago. Nik maite ditudan gauzetara eta pertsonengana itzuli nahi dut. Urtez urte.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.