Onintza Enbeita.
BIRA

Biziraupena

2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Euskara ez dela galduko entzun nuen hitzaldi batean; euskararen iraupena bermatuta ei dago. Harritu egin ninduen halako ziurtasunez baieztatzeak, baina poztu ere egin ninduen une batez hori sinisteak. Hizlariak jarraian emandako azalpena entzun nuenean, ironiaz jabetu nintzen: urteak dira euskal hiztunak grabatzen ditugula zerbait exotikoa bailiran, eta grabazio horiek betirako iraungo dute; beraz, euskara ez da galduko.

Barre egin nuen hitzaldi hartan, baina egunotan, Rio de Janeiroko museoa erre dela entzun dudanean, irribarrea itzali egin zait: desagertutako hainbat hizkuntzaren grabaketak galdu dira betirako. Ez dirudi munduari asko ardura dionik, baina hizkuntza haietatik ez da ezer gelditzen, suak eraman ditu.

Ezinbestean gogoratu naiz euskarari buruz entzundako hartaz, eta estutu egin naiz. Grabazioetan gordetako euskarak ez digu ia ezertarako balio. Hizkuntzak bizi egin behar du, munduarekin batera aldatu. Museoetan aztertzen diren aditz formek, deklinabideek, hitzen erroek... ez dute biziraupenerako balio. Gaizki zaindutako museo bateko suteak, edo zakarretara okerreko zakua bota duen langileak, edo utzikeriak, edo interes faltak betirako galtzen ditu. Hizkuntzaren biziraupena hizkuntza horretan ari garenok bakarrik berma dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.