Onintza Enbeita.
BIRA

Punta

2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Beti dago ahaztu zaigun xehetasunen bat, edo gure kontraesanak bistaratzen dituen zerbait, edo ez dakigun daturen bat. Batzuentzat inoiz ez da ondo egongo esaten, idazten, kantatzen edo egiten duguna. Emakume askori gertatzen zaigu, baina ez guri bakarrik: homosexualei, jende arrazializatuari, langileei... Gutxi dira besteen erabakietan euren buruaren inkoherentziak ikusten dituztenak. Gehienentzat inkoherentziak besteen gauzak dira: feminista dela esaten du baina beti dago bere umeen pentsura, ez ei du haragirik jaten baina larruzko oinetakoak erabiltzen ditu, txapelduna izango da baina gaur ez du saio ona egin, langilea dela esaten du baina mugikor ona dauka, halakoa aipatu du baina aurretik edo ondoren izan ziren emakume guztiak ahaztu ditu. Etengabeko punta-ateratze kolektiboa bizi dugu. Jendeak ez du pentsatzen zer den egin dezakeen eta egiten ez duen guztia. Errazagoa da guk ezeren ardurarik ez dugun bitartean besteei muturreko koherentzia eta purutasuna eskatzea. Inork ez daki dena, eta seguruenik ez da inor egongo arrazoi osoa duenik edo koherentzia osoan bizi denik edo egiten duen gauza guztietan asmatzen duenik. Zerbaitetan, tarteka, noiz edo noiz, besteek baino gutxiago jakitearren edo arrazoi gutxiago izatearren inor ez da hil, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.