Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Gezurrari egia

2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Gero eta likidoagoa den gizarte batean, jendartean eragin iraunkorra izatea luxu bat da; gaur egun, kasik utopikoa. Nola lortu eraginkorra izatea etengabe momenturo, segundoro aldatzen, birsortzen eta mudatzen ari den gizarte konplexu batean? Esaterako, xenofobia eta eskuin muturraren zabalpenaren aurrean, nola eraiki estrategia sendo, iraunkor eta eraginkorra?

Galderok planeta osoan dabiltza harat-honat, jira eta bira. Sare sozialak, sarritan, gorroto, gezur eta homofobiaren eroale izan dira. Horra hor, besteak beste, AEBetan eta Brasilen gertatu dena Trump eta Bolsonaroren garaipenarekin, adibidez. Politikoki zuzenak ez ziren mezuak natural-natural sartu dira komunikabideen agendan nahiz lagun arteko solasaldietan ere: mezu misogino, xenofobo eta arrazistak. Ez da Atlantikoa zeharkatu behar antzeko mezuak gugandik gertu daudela ohartzeko. Pablo Casado, Albert Rivera edota Santiago Abascal fenomeno migratzailearen aurrean zabaltzen ari diren gezur biribilak dira horren lekuko. PPko buruzagi berriaren esanetan, «50 milioi afrikar prest daude Europara etortzeko eta dirua biltzen ari dira horretarako». Ez zuen informazio-iturririk aipatu, ezta noizkoa zen datua ere. Alarma piztea zuen helburu eta, zalantzarik gabe, lortu zuen; izan ere, jende askorengana iristen da mezu hori, baita Euskal Herrian bertan ere: «inbaditu behar gaituzte; adi egon behar dugu» esaten ari dira aldez edo moldez. Trumpek mozorrorik gabe esan du egunotan Erdialdeko Amerikatik AEBetara doazen milaka migratzaileen karabanaren kontura: «Inbasioari aurre egingo diogu».

Zerbait egin beharra dagoela garbi dago, baina nola? Boaventura de Sousa pentsalari ezkertiarrak bere azken liburuan aitortu berri du: «Zapaltzaileak batuta dauden bitartean, erresistentzia, berriz, zatituta dago; horixe da gure garaiaren tragedia». Izan ere, gero eta nabarmenagoa da ezkerrak bere lekua betetzen ez duen bitartean, eskuina jabetzen dela espazio horietaz. Esanguratsua da eskuin-muturraren boto-emaileen artean asko eta asko langile xumeak izatea.

Informazio zuzen eta zehatza zabaltzeak garrantzi itzela du, desinformazioa, zurrumurru faltsuak eta gezurrak erreakzio sozial masibo askoren oinarrian baitaude. Baina, hori baino gehiago ere bada. Izan ere, duela hogeita bost edo hogeita hamar bat urte arazoa zen mezu askatzaileak zabaltzeko komunikabide bat topatzea; nola bideratu, alegia. Gaur egun, ez; mezuak nahi adina zabaltzeko baliabideak baditugu, arazoa da nola heldu jendearengana; hau da, bizi dugun saturazio informatibo ikaragarri honetan nola nabarmendu «gure» mezua, nola egin erakargarri, irakurgarri eta ikusgarri. Hori da gakoa; ez zabaltzea, baizik eta irismena. Hori da erronka.

Ardoaren kultura maite dugunontzat, Federico Fellini maisuak analogia hau utzi zigun: «Bideo on bat ardo on bat bezalakoa da. Une batez irauten du, ahoan loria-zaporea uzten dizu, eta sortu eta birsortu egiten da dastatzaile bakoitzarekin». Honen haritik, joan den igandean Altsasuko herriak probokazio faxistari emandako erantzuna etorri zait gogora. Modu baketsu eta sortzailean, Altsasuko herriak, batuta, bizkarra eman zion erasoari, duintasuna erakutsiz eta tentsio-uneak primeran kudeatuz. Erantzun biribila, zoragarria, «ahoan loria-zaporea» uzten dizuten horietakoa.

Beste mila adibide daude. Nago tipo horretako erantzun sendo eta argiek bidea markatzen dutela. Hain likidoa den egoera arraro honetan, balio ukigarri eta sortzaileak zabaltzean egon daiteke gakoetako bat. Aurrera Altsasu egiletza kolektiboa duen kantak dioena lortu beharko genuke: «Txarrenari onena/ atera diozu/ zaurietan muxu/ ezerezean zu/ minari aurpegia/ gezurrari egia». Bada horixe tokatzen dela uste dut: Gezurrari egia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.