Su-etena hitzartu dute Gazan, azken egunetako borroken ondoren

Hamasei palestinar eta soldadu israeldar bat hil dituzte 2014tik Hamasen eta Israelen artean gertatu den eraso kate handienean

Haur bat Israelgo armadak suntsitutako eraikinen artean, atzo, Gaza Hirian. MOHAMMED SABER / EFE.
Erredakzioa
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Hamas talde islamistaren milizianoen eta Israelgo armadaren artean azken hiru egunetan Gazan gertatutako borrokaldiak gogorrak izan dira; 2014ko udan zazpi aste iraun zuen gerraz geroztik larrienak. Hamasei palestinar eta soldadu israeldar bat hil dira horien ondorioz. Bi aldeek erasoekin jarraitzera deitu zuten atzo goizean, baina Hamasek su-etena iragarri zuen ordu batzuk geroago.

Joan den martxoan errefuxiatu palestinarrak itzultzearen aldeko protestak hasi zituztenetik, Gazako Osasun Ministerioak adierazi du 230 palestinar inguru hil dituztela militar israeldarrek. Eta egoera joan den igande gauean hasi zen okertzen. Israelgo zerbitzu sekretuetako kideak«ezkutuko operazio bat» egiten ari ziren Gaza barruan, Hamaseko milizianoek atzeman zituztenean. Elkarri tiroka hasi ziren, eta Israelek airez ere eraso egin zien palestinarrei. Zazpi miliziano hil zituzten, eta borroketan Israelgo armadako teniente koronel bat ere hil zen. Azkeneko ia zortzi hilabeteetan Israelgo bi soldadu hil dituzte.

Israelgo armadak esan du igandeko operazioan ez zuela «terroristarik» bahitzeko edo hiltzeko asmorik, baizik eta Israelen segurtasuna «indartzea» zuela helburu. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak berak igandean adierazi zuenez, 2014koaren moduko gerra bat eragotzi nahi du. Hamasen iturriak aipatuz zenbait hedabidek kaleratutakoaren arabera, ordea, talde islamistako lider bat bahitzeko intentzioa zuten zerbitzu sekretuek.

Hamasek berehala erreakzionatu zuen, eta Israel aldera suziriak jaurtitzen hasi ziren milizianoak. Israelek, bestalde, Gaza bonbardatuz erantzun zuen, eta herenegun hiru miliziano palestinar hil zituen.

Astelehen gauetik atzo eguerdira eraso kopurua areagotu zen. 20 bat ordutan 450 bat suziri jaurti zituzten milizianoek —kalte materialak eragin zituzten, eta Ashkelonen lan egiten zuen palestinar bat hil zuten—, eta Israelgo armadako hegazkinek 150 bonba inguru bota zituzten Gazan. Lau miliziano hil zituzten, baita bi nekazari ere. Gainera, Gazako Al-Aqsa telebistaren egoitza eta beste eraikin ofizial ugari bonbardatu zituen.

Menia «prekarioa»

Azken egunotan, Egipto su-etena lortzeko bitartekaritza lanean aritu da, eta Hamasek eta beste talde armatuek arratsaldean jakinarazi zuten Kairok eginiko eskaintza onartuko zutela. Israelgo Haaretz egunkariaren arabera, Tel Avivek ere ontzat jo zuen. Haaretz-ek iturri diplomatiko anonimoak aipatu zituen, eta, horien arabera, nahiz eta bi aldeek menia onartu, egoera «prekarioa» zen, eta «edozein unetan» lehertu zitekeen berriz.

Azken eraso kate handi hori piztu aurretik ari zen Egipto menia iraunkorrago bat lortzeko bitartekaritza lana egiten, Qatarrekin eta Nazio Batuen Erakundearekin batera; gehienbat, joan den udan beste eraso kate handi bat piztu zenetik. Duela egun batzuk Qatar diruz finantzatzen hasi zen Gazako hainbat zerbitzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.