Pentsioetarako kontu nozionalak defendatu ditu Espainiako Bankuak

Kotizatutakoa soilik jasotzea dakarte kontu nozionalek. Macronek ere aztertu ditu. Pentsioen gastua %7,4 handitu da azken urtean

Oscar Arce, Espainiako Bankuko Ekonomia zuzendaria. VIDALBALLESTER / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Etorkizuneko pentsio sistemari buruzko eztabaidan esku hartu du Espainiako Bankuak ere. Gaur egungo banaketa sistema alde batera utzi eta kontu nozionalen eredua ezartzea «interesgarria» izango litzatekeela esan zuen atzo Espainiako Bankuko Ekonomiazuzendari nagusiak, Roberto Arcek. «Sistema aurrez ikusteko modukoa eta gardena egingo luke, eta herritarrei aukera emango lieke aurrezkiari buruzko erabakiak garaiz egiteko». Biztanleria zahartzeak gaur egungo sistema jasanezina egiten duela uste du Arcek.

Kontu nozionala izenekoa kapitalizazio sistema bat da: norberak jartzen duen dirua soilik jasoko du. Inflazioaren galera ezabatzeko edo txikitzeko, urtero kontuan dagoena eguneratuko litzateke, aurretik finkatutako irizpide baten arabera (inflazioa bera, BPGaren bilakaera, soldatak...).

Sistema hori indarrean dago dagoeneko herrialde batzuetan, hala nola Suedian, Polonian eta Letonian. Emmanuel Macron Frantziako presidentea ere kontu nozionaletan oinarritutako sistema bat aztertzen ari da pentsioetan egin nahi duen erreformarako.

692.000 pentsiodun

Hain zuzen ere, azken urtean %7,4 igo da pentsioetan gastatutakoa Hego Euskal Herrian. Iazko urtarrilean 776 milioi euro gastatu zituen Gizarte Segurantzak, eta kopuru hori 834 milioira igo da aurtengo urtarrilean. Pentsioak KPIaren arabera igotzea, gutxieneko pentsioak %3 handitzea eta alargunen kotizazio oinarriak %60ra zabaltzeak eragina izan dute igoera horretan, baina baita pentsio kopuruaren ugaltzea ere.Hegoaldean jada 692.099 dira (+%5,8, urtebetean). Batez besteko pentsioa 1.205 euro da (iaz, 1.138 milioi izan ziren). Hiru pentsiotik bi erretirokoak dira (1.370 euro, batez beste).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.