Caixabankek Hegoaldeko 173 kaleratzeei eusten die, %18 gehiago irabazi arren

Bankuak 1.985 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz, baina atzo %7ren galerak izan zituen burtsan. ELAk eta LABek «zekenkeria» egotzi diote

Jordi Gual Caixabakeko presidentea 2018ko emaitzak azaltzen, atzo, Valentzian. MANUEL BRUQUE / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Irabazi garbiak %17,8 igotzeak eta, aldi berean, 2.157 langile kaleratzeko asmoa izateak ez lukete bateragarriak izan behar, ELA eta LAB sindikatuen ustez. Bankuak atzo aurkeztu zituen 2018ko emaitzak, eta azaldu zuen 1.985 milioi euroren irabaziak izan zituela, aurreko urtean baino ia %18 gehiago. Hori jakinda, min berezia egin die sindikatuei bankuak lan erregulazio espediente bat aurkeztu izana, 2.157 behargin kaleratzeko, horietako 173 Euskal Herrian.

«2.000 milioi euroren etekinak dauzkan enpresak ezin du, zekenkeriagatik, enplegurik deuseztatu eta geratzen direnen lan baldintzak okertu», kritikatu dute ELAk eta LABek. Lurraldeka, bankuak Nafarroan kaleratu nahi ditu langile gehien, 106; Bizkaian 41 kaleratu nahi ditu; Gipuzkoan, hamalau; eta Araban, hamabi.

Sindikatuen arabera, Caixabankek herri txikietako bulego askotan langile bakarra utzi nahi du; bi langile dauden bulegoetan, bakarra laga. «Lanpostu ugari galduko dira, eta bezeroek kalitatezko zerbitzua galduko dute». Bulegoetako langileak kaleratzeko argudio gisa Europako ratioak erabili ditu bankuak, sindikatuek azaldu dutenez. «Txostenak dio Espainiako Estatuan Europan baino bulego gehiago daudela». Hala ere, ELA eta LABen aburuz, txostenak ezkutatu egin du Europan hemen baino banku langile gehiago daudela: «Alemanian, adibidez, 132 biztanleko bankuko langile bat dago; Espainiako Estatuan, ordea, 249 biztanleko bat».

Egun beltza burtsetan

Caixabankek atzo irabazien ia %18ko igoera iragarri arren, burtsan %7 ingururen galerak izan zituen; besteak beste, 2018ko azken hiruhilekoko emaitzak kaskarragoak izan direlako eta Gonzalo Gortazar kontseilari ordezkariak berak 2019a «urte zailtzat» definitu duelako.

Bariku beltza izan zen atzokoa burtsan bankarentzat. Sabadellek, esate baterako, %10en galerak izan zituen burtsan, iaz irabaziak %54 txikitu zituela iragarri eta gero. Bankiak (-%3) eta Santanderrek (-%2) ere galerak izan zituzten, eta Ibex 35ak %0,5en galerarekin itxi zuen eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.