Konstituzionalak ere bermatu dio hautagaitza Carles Puigdemonti

Auzitegiak ez ditu onartu PPren eta Ciudadanosen helegiteak. Icetak ERCri eta JxCri eskatu die ez diezaiotela eragotzi Senaturako aurkeztea

Puigdemont, herenegun, Schengenen. Haren eskuinean Anwar abokatua eta Ponsati, eta ezkerrean Comin. L. MALVESI / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere ez du arrazoirik ikusten betoa jartzeko Carles Puigdemonten, Antoni Cominen eta Clara Ponsatiren Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaitzei. Auzitegi Gorenak igandean adierazi zuenez, ez dago motiborik haiei hautagai izatea debekatzeko, «ihesean» egonagatik. Hurrengo egunean, administrazioarekiko auzietarako Madrilgo epaitegi batek tesi bera defendatu zuen, eta Ciudadanos eta PP alderdiek babes helegitea jarri zuten Konstituzionalean. Baina helegiteak tramiterako ere ez ditu onartu azken instantziako auzitegiak.

Bi alderdien helegiteen arabera, hiru hautagaitza horiek onartuta urratu egiten zen funtzio publikoetarako sarbidean berdintasuna izateko eskubidea. Konstituzionalarentzat, ordea, erbesteratutakoei hautagai izaten utzita ez da urratzen oinarrizko eskubiderik.

Ciudadanosen eta PPren inpugnazio bat partzialki ontzat eman ondoren, Espainiako Hauteskunde Batzordeak joan den apirilaren 29an debekatu zituen hautagaitzak. Batzordeak argudiatu zuenez, hauteskundeen arautegia urratzen ari ziren hirurak, ez baitaude atzerrian bizi diren Espainiako herritarren zerrendan eta, horrenbestez, «justiziatik ihesean» ari baitira. Hautagaien defentsek helegitea jarri zioten erabaki horri. Batzordeak atzo argitaratu zuen Puigdemont izendatzen duen ebazpena.

Espainiako Estatuan hilaren 26an egingo dituzte Europako Parlamenturako bozak, eta, CIS Ikerketa Soziologikoen Zentroak atzo argitaratutako inkestaren arabera, Puigdemonten alderdiak, JxC Junts Per Catalunyak, eserleku bat lortuko du Europako Legebiltzarrean. ERC Esquerra Republicanak, EH Bilduk eta BNG Bloque Nacionalista Galegok osatutako Orain Errepublikak koalizioak hiru lortuko ditu. Oriol Junqueras behin-behinean kartzelatua da zerrendaburua.

Bestetik, Miquel Iceta PSCko liderra ERCri eta JxCri mintzatu zitzaien atzo. Espainiako Senatuko presidente izatea eskainiko dio Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak, baina, azkeneko bozetan ez zenez hautagaia izan, Kataluniako Parlamentuak senatari autonomiko izendatu beharko du aurrena. Datorren asteazkenean dira horri buruz bozkatzekoak, eta Icetak nahikoa dugehiengo sinplearekin. ERCk herenegun adierazi zuen kontra bozkatuko zuela; JxCk ez du bere jarrera argitu. «Hutsegite larria litzateke Parlamentuak muzin egitea kataluniar bat Senatuko presidente izateko aukerari», nabarmendu zuen Icetak. Haren esanetan, Kataluniako auzia konpontzeko elkarrizketa eta Espainiako Konstituzioaren erreforma bultzatuko ditu.

Fiskaltza, kontra

Epaitzen ari diren buruzagi subiranista katalan hautetsiak behin-behinean aske uztearen aurkako jarrera agertu zuen atzo Goreneko fiskaltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.