Inork ez dauka aginte makila

Espainiako Vueltan bost lider izan dira orain arte. Gaur erlojupekoa jokatuko da

Inork ez dauka aginte makila.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Faborito argirik gabe abiatu zen Espainiako Vuelta, abuztuaren 24an. Atzo izan zen atseden eguna, eta kontuek airean segitzen dute. Gaur, Jurançon eta Paue arteko 36,2 kilometroko erlojupekoa jokatuko da. Etapak aukera aproposa dirudi elastiko gorria jantzi, eta Primoz Roglicek (Jumbo Visma) lasterketako aginte makila hartzeko. Etapa ez da gogorra, baina bai gorabeheratsua, esloveniarrarentzat oso aproposa Baina ikusteko dago lortzen duen, eta horri eusteko gai den.

Orain arte txirrindularirik ez da izan bere nagusitasuna erakusteko gai. Horren adierazlea da lehen lau sailkatuen artean 20 segundoren aldea besterik ez dagoela. Gainera, bost lider izan dira lasterketan: Miguel Angel Lopez (Astana), Nicolas Roche (Sunweb), Dylan Teuns (Bahrain), Nicolas Edet (Cofidis) eta Nairo Quintana (Movistar). Hiruna aldiz jantzi dute elastiko gorria Lopezek eta Rochek, eta behin Teunsek, Edetek eta Quintanak.

Ez dago ezta lasterketa kontrolatzeko ahalmena erakutsi duen talderik ere. Movistarrek zirudien talderik indartsuena. Baina herenegun Eusebio Unzuek zuzentzen duen taldeari antzeman zitzaion giroa gaiztotua duela. Marc Soler lasterketa buruan zegoen, eta Cortals d'Encampeko hiru kilometroko igoera baino ez zitzaion falta irabazteko. Baina taldeak geratzeko agindu zion, atzetik zetorren Quintanari lagundu, eta Vuelta irabazteko beste hautagaiei aldea ateratzeko.

Kexu azaldu zen Soler, nahiz eta agindutakoa bete. Atzo barkamena eskatu zuen. «Berotu egin nintzen. Barkamena eskatu nahi diet taldeari eta Nairori. Harekin eta Valverderekin Vuelta irabaztera etorri gara». Atzo baieztatu zuen, halaber, Quintanak datorren sasoian ez duela Movistarren segituko, eta Arkea taldean ariko dela. «Pozik egon naiz Movistarren, baina aro bat amaitu den sentipena nuen. Horregatik hartu dut erabakia», adierazi zuen.Talde bereko Richard Carapazek Ineosekin fitxatu du

Quintana lider da Vueltan, eta hala aztertu zuen gaurkoa. «Elastiko gorriarekin abiatuko naiz, baina, aldeak ikusita, Roglic da hautagai nagusia gaur hura janzteko. Oso indartsu dago, eta taldeak asko babestu du. Baina datozen egunetan guk aldea murriztu dezakegu, eta espero dut azken egunetan egindako lanaren emaitzak jasotzea».

Igandeko etapan erorikoa izan arren —moto baten erruz izan zen—, Roglic ondo dagoela nabarmendu zuen Addy Engels Jumbo Vismako zuzendariak. «Leku onean helduko diogu erlojupekoari, eta hori da inportanteena».

Gaurko erlojuaren aurkako etaparen ostean, datozen egunetan Euskal Herrian izango da tropela. Biharko etapa Donapaleuren eta Urdazubiren artean jokatuko da (180 km); etzikoa Los Arcoseko Zirkuituaren eta Bilboren artean (171,4 km); eta, ostiralekoa, Bilbotik bertatik abiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.