Maliko oposizioak uko egin die krisi politikoa amaitzeko proposamenei

Ekainaren 5eko Mugimenduak dio neurriak ez datozela bat «maliar herriaren itxaropenekin», eta berriz eskatu du presidentearen dimisioa

Maliko presidente Ibrahim Abubacar Keita kargutik kentzea nahi du oposizioak. LUDOVIC MARIN / EFE.
ander perez zala
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun

Ekainaren 5eko Mugimenduan (M5-RFP) bildutako gizarte zibil eta politikoko taldeek uko egin zioten, atzo, Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoko (Ecowas) herrialdeek Maliko krisi politikoa amaitzeko aurkeztutako proposamen sortari. M5-RFPren arabera, neurri horiek ez datoz bat «maliar herriaren itxaropenekin eta helburuekin», eta, hortaz, berriz jarri zuen mahai gainean eskari garrantzitsuena: Maliko presidente Ibrahim Bubacar Keitaren dimisioa.

Herenegun egindako bilera birtual batean, Ecowaseko estatuek proposatu zuten batasun nazionaleko gobernu bat osatzea, hauteskunde lokalak berriz egitea, modu irregularrean hautaturiko 31 parlamentariek dimisioa ematea, Auzitegi Gorena berregituratzea eta azken asteotako gertakari biolentoei buruzko ikerketa bat hastea. Hori guztia, hamar eguneko epean.

Keitak ere oposizioko aliantzari begirako keinu bat egin zuen herenegun gauean, eta gobernuko karguetako asko berritu egin zituen, baina garrantzitsuenei eutsi egin zien: besteak beste, Defentsa eta Atzerri ministro postuei, horiek arduratu baitira M5-RFPrekin negoziatzeaz.

Egungo estatuburuak karguan jarraitzea, ordea, onartezintzat daukate oposizioko taldeek, eta horregatik eman zuten ezezkoa: «Tamalez, M5-RFPk uste du estatuburuen goi bilerako ondorioek ez dituztela kontuan hartzen krisiaren larritasuna eta sakontasuna. Maliren etorkizuna dago jokoan», adierazi zuten prentsa ohar batean. «Inoiz baino gehiago eskatzen dugu Ibrahim Boubacar Keitaren eta haren erregimenaren dimisioa».

Ofizialki, gobernuak oraindik ez du onartu Ecowasekoen proposamena, baina herenegun gaueko gobernuaren aldaketek iradoki dute baiezkoa emango duela.

Horrekin batera, ikusteko dago oposizioko aliantzan eta bere aldarrikapenetan zer eragin izango duen Mahmud Dicko buruzagi ezagunaren erretiratzeak; adierazi zuen jardun politiko oro utziko duela, eta ez dela izango liskarren «erantzule».

Ekainetik protestan

Maliko azken krisi politikoa iragan ekainean hasi zen. Herritarrak M5-RFPk —hala deitzen da antolatutako lehen protesten eguna dela eta, iragan ekainaren 5ekoa— eskatuta atera dira azken asteotan Bamako hiriburuko kaleetara protesta egitera, herrialdeko presidentearen dimisioa eskatzeko; uztailaren hasieran, gogortu egin ziren protestarien eta segurtasun indarren arteko istiluak, eta 11 hildako izan ziren. Oposizioko hainbat buruzagi ere atxilotu zituzten

Maliko egoera ekonomikoaren, ustelkeriaren eta segurtasun egoeraren inguruko desadostasuna hor zegoen lehendik ere, baina Auzitegi Konstituzionalak apirilean hartutako erabaki batek piztu zuen txinparta: hauteskundeetako emaitzetako 31 eserlekuren emaitzak aldatu zituen. Ondorioz, Keita presidentearen alderdiko kideak berriro hautatuak izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.