Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Bakea irudikatzea

2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Oso gaztea zelarik, nerabea ia, bala batek besamotz utzi zuen gure aitona. Hala ere, zortekoa izan zela esaten zuen, inguruko askok baino gutxiago galdu zuelako: bi besoetatik bat bakarrik, eta horri esker, gainera, gerren inguruan iritzi arinak ez emateko eskubidea irabazita. Telebistan, gerra-irudiak agertzen zirenean, zela fikzioan zela informazioetan, «ez du merezi», esaten zuen, «hobe lukete bakea zer den erakustea». Aitonaren neurritasunak erakutsi zidan gerra, berez, bakerik eza baino zerbait gehiago dela: barrura sartzen zaizun zerbait, inguruan inork tiro-hotsik entzuten ez badu ere, kalteak egiten jarraitzen duena luzaroan.

Nazio Batuen Erakundeak gaur bertan ekin dio bere sorrerako 75. urtemugako ospakizunari, pandemia gora-behera, aparteko su-festarik gabe. Bigarren Mundu Gerraren ondorioak ikusita, munduan bakea zer izan zitekeen irudikatzen hasteko lehen ariketa kolektiboa izan zen. Gerora aldeanizkotasuna deitu dugun horren esperimentua izan zen, aurrekari askorik gabe, munduko herriek elkar hartzeko gune bat sortzea erabaki zutelako. Ez da oso aztia izan behar ohartzeko asmo onek baino, beldurrak gidatu zituela lehen urratsak, herriek elkar suntsitzeko zuten gaitasuna agerian utzi baitzuen gerrak. Maiz ahaztu egiten badugu ere, beldurra aldaketarako pizgarri itzela izaten da: elkarren beldur zirelako onartuko zuten estatuek elkar hartzen saiatzea, elkarrekin etsaituta nora irits gintezkeen ikasita edo.

Oso zaila da gaurko dataz idaztea duela 75 urteko gutun bat, eta ni ez naiz nor esateko urte hauetan guztietan lortutakoa orduan amets egindakoaren mailara iritsi ote den. Bake-bidean aurrera egitea eta munduko herritar guztientzat ongizatea segurtatzea bazen jomuga, oso urruti gaude oraindik. Nazio Batuen Erakundeak berak argi du hori, antza, Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak geroko eraikuntzaren zimenduak direla aitortzen duenean. Ebidentziek argi esaten digute amets hori oraindik ekoiztu gabe dagoela. Izendapenetik hasita, gainera: batetik, estatuek betetzen dutelako izenak nazioei aitortzen dien tokia eta, bestetik, batasuna oso kasu bakanetan baino ez delako lortu.

Herrialde askoren parte-hartzeak zaildu egiten du adostasunetara iritsi eta emaitza egingarri bihurtuko diren erabakiak hartzea. Etsigarria bada ere, zintzoak izate aldera aitortu beharko dugu elkarrekin estropezu egin gabe aurrera egitea ez dela batere erraza: gure arteko harremanetan nork bere lehentasunak alboratzea helburu komunaren mesedetan zaila bada, atera kontua botere-oreka beti ezinezkoaz ari garenean.

Bere itzal eta argiekin, baina, duela 75 urte abian jarritako prozesuak zer hausnartua uzten du. Edo galdera mordoa, nahi bada, aurrera begira.

Zein da, baina, alternatiba? Herriez gaindiko erronkak nagusi diren mundu hiperkonektatu honetan inozokeria edo harrokeria galanta da pentsatzea nork bere interes propioari begiratuta bakarrik jardun ahal izango duela. Elkarrekin egindako bidea geldoa izaten da, baina bakarka egindakoa arriskuetsuegia.

Belaunaldi bakoitzak bere ametsak ekoiztu behar ditu. Bigarren Mundu Gerra edo gerra partikularrak bizi izandakoek, gure aitonak bezala, bakea erakustea hautatu zuten eta, erabat lortu ez bada ere, itxaropen horren ernamuinak landatuta utzi zizkiguten, behintzat.

Historia ez da bere horretan errepikatzen sekula, baina ispilu bat erakusten digu eta begien aurrean jartzen digu aurrekoek ibili zuten xendran ikasitakoa. Gure esku dago, beraz, isla hori baliatzea erronka berrien aurrean erantzuteko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.