Segurtasun Orokorrerako Legea salatu dute dozenaka herritarrek Baionan

Eragile andana batu da Frantziako Asanbleak onartu duen lege proposamenaren kontra. Eskubide murrizketa salatu dute

Dozenaka herritar bildu zen atzo Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
300 bat pertsonak parte hartu zuten atzo arratsaldean Frantzian bozkatzen ari diren Segurtasun Orokorrerako Legea salatzeko mobilizazioan. Baionako Herriko Etxearen aitzinean elkartu ziren lehenik, eta, handik, manifestazioa abiatu zuten ondotik, Baionako karriketan barrena.

Lege hori «afruskeria bat» dela salatu zuen Jean Lissar EELV-ko kideak. «Emeki-emeki ari dira libertateak txikitzen». Eñaut Aramendi LABeko ordezkariaren hitzetan, «Frantziako Gobernuak osasun egoera erabiltzen du askatasun guziak desagerrarazteko. Gobernu autoritario baterantz goaz», salatu zuen. Generation alderdiko Mathieu Bergeren ustez, «askatasun publikoen kontrako kolpe bat» da. «Ordena atxikitzearen aitzakian polizia estatu bati buruz goaz gero eta gehiago». Haserre mintzatu zen Martine Mailfert Frantzia Intsumisoko ordezkaria ere: «Leporaino aseak gaude! Gobernu honek ulertzen ez badu, osasun krisiari zilegitasun krisia gehitu beharko zaio; guretzat aspaldi hasia da».Azkenik, «demokraziaren aurkako legea» salatu zuen EH Bairen izenean Gabi Apeztegik.

Azaroaren 24an onartu zuen legea Frantziako Asanbleak, eta orain, Frantziako Senatuan eztabaidatu beharko dute. Baina izandako polemikaren ondotik, haserre gehien sortu duen 24. artikulua lege proposamenetik kentzea erabaki du, azkenean, Errepublika Martxan-ek gidatzen duen gehiengoak. Poliziaren irudiak hedatzea murriztu nahi zuen, hasieran, lege proposamenak. Artikulua berriz idatzi, eta beste lege proiektu batean integratuko dutela iragarri zuten joan den astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.