Iraitz Agirre Aranguren.
ARKUPEAN

Denboraren lapurrak

2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Aste pare bat dela egokitu zitzaigun sukaldeko hormako egutegia aldatzea. Kuriosoa da, aldaketa hori egiterakoan urtero-urtero erritu txiki bat errepikatzen dudala ohartu nintzen eta. 2020ko egutegia paretatik kendu eta orriak banaka pasatu nituen, urteak emandakoari begiratu bat emateko. Martxora arteko mugarriak egun bakoitzaren gainean idatzita zeuden, gehienak asteburuetako ospakizun, jatordu edo oporraldiak. Apiril eta maiatzeko orrietan inoiz bete ez ziren hitzorduak ageri ziren, eta osteko hilabete guztiak, hutsik. 2021eko egutegi berria hartu nuen ostean. Orriz orri pasatu, eta argazki dotoreei begira gelditu nintzen, baina ez nuen hilabete bakoitzeko zenbakien gainean hitzordurik apuntatzeko lanik hartu. Aurten, dagoenetan eta hutsik eskegi behar izan nuen.

Eskerrak egutegiek, gure denboraz ez ezik, gure aurrekoen denborez ere hitz egiten duten. Euskal Herrian, adibidez, Joanes Leizarraga apez kalbinistak 1571n Arroxelan argitaratutako Kalendrera da euskaraz mantentzen den egutegirik zaharrena. XVI. mendean argi asko zuten munduaren sorreraren kontaketa zehatza jasotzen du Leizarragak: «Munduaren creationetic diluvioraino 1656 urthe. Diluviotic Moysesesganano 797. Moysesganic Iesus Christganano, 1514. Iesus Christganic hunedrano 1572. Munduaren hastetic hunedrano. 5539». Ageri zaizkigun efemerideak ere ez dira makalak: 815eko urtarrilean hil zela Karlomagno edo 1546ko otsailean Martin Luther; 421eko martxoan Venezia eraikitzen hasi zirela, Mahomak Konstantinoplako hiria bigarrenez hartu zuela 1453an, edo 1571ko irailaren amaieran Testamentu Berria euskaraz lehen aldiz inprimatzen amaitu zela.

Izan ere, denboraren antolaketa eta boterea beti joan izan dira eskutik, enperadore edo elizgizonen neurrira betiere. Baina urte zibilak eta urte tropikalak bat egitea ahalbidetzen duen arauen arabera antolatutako kontaketa sistematizatua den egutegitik haratago, gaur egun, beste boteretsu batzuen beharren neurrira ezartzen dira denborak. Aste, egun, minutu eta segundoetara ekarritako denboraren zenbaketa gero eta zehatzagoan hartzen du forma botereak.

Cosima Dannoritzer zuzendari alemaniarraren Lladres de Temps (Denboraren lapurrak) erreportajea ikusteko aukera izan dut oraintsu. Denbora bezalako ideia anbiguo, subjektibo eta amorfo bat, ezagutzen dugun entitate objektibo ukigarri —hots, diru— nola bihurtu dugun azaltzen du bertan. Dio duela mende bat baino gehiago, denborarekiko dugun pertzepzioa erabat aldatu zela, bere balio ekonomikoa areagotu egin zelako. Ordutegi estandarra ezarri zen industrializazioaren eta bidaia luzeen normalizazioaren eskutik. Denbora gure bizitzetan funtsezko elementu bihurtu zen, eta botere-harremanen esparruan isla izan zuen, langileen denboraren jarraipena egitea ahalbidetzen zuten makinak asmatuz. Horrela, enpresak langileen minutu bakoitza ustiatzen hasi ziren, makinak eta lehengaiak ustiatzen zituzten modu berean.

Denbora errealitatearekin dugun harremana dela irakurri dut hor nonbait. Zeinen ederra litzatekeen denbora hori guk nahi ditugun errealitateak sortzeko erabiltzea, ezta? Baina zoritxarrez, ez da alferrik esaten denborak urrea balio duela, produktiboa ez den denbora galdutako denbora dela. Eta jakin badakigu, ekoizten edo kontsumitzen ez duena, nekez izango dela eskubidedun hiritar osoa. Argi geratu da hori azken hilabeteotan.

Sukaldeko hormako egutegiak hutsik dauden bitartean, orduz orduko ekoizpen orduen kontaketak ez du etenik izan dena eten omen den urte honetan. Ez gaitezen engaina, gure bizi-denborak kontrolatzea negozio bikaina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.