Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Herri txiki

2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Sollube eta Jata mendiek eskua elkarri ematen dioten tokian bizi naiz, bizi gara. 700 lagun baino gutxiago gara, azken erroldaren arabera. Irudizko Euskal Herri horren lagin modukoak gara, turismo arduradunek horren maite dituzten txoko berde horietako bat: teilatu gorriek zipriztintzen duten paisaje bukolikoaren adierazgarri, edozein aurrezki-kutxatako egutegitan ateratzeko modukoa, (aurrezki-kutxarik balego, behintzat).

Gurea bezalako herririk ez dagoela esaten dugu askotan, harrotasunez edo harrokeriaz. Baina ez da egia. Gurea bezain bakartuta, inguruekiko geurea bezain menpeko diren herri txiki asko daude Euskal Herrian, pandemiaren kudeaketan neurri hirizentristak besterik hartzen ez badira ere. Lurraldearen antolaketan oreka bermatzen dute landa-guneek, baina ahaztuxeak gaude azken bolada luzean, neurri orokorren izkinetan zokoratuta.

Bi taberna eta bi frontoi, jolas-gune zabala eta udal-liburutegi aski txukuna dugu (Olatzen agindupean), eta baita egunean bitan, desegoki eta desordutan, ondoko herri txikiekin lotzen gaituen autobusa. Internet urri eta motel iristen da gurera, sakelakoa eten egiten da etengabe, eta migrante teknologiko ez ote garen bilakatuko beldur naiz. Barnealdera egin behar dugu, zazpi bat kilometro, zerbitzuak eskaintzen dizkigun Mungia herrira iristeko, eta kostalderantz eginez gero, berriz, Bakio eta Bermeo ditugu; urte sasoi honetan maiz gurutze-bidea egiten den errepidean barrena egin behar da, baina.

Hiri edo herri koxkorragoetara joaten gara lanera edo ikastera, baina bizi, bertan bizi gara. Edo bertan bizitzen saiatzen gara. 100.000 biztanleko pandemia-adierazlea kalkulatzen lana dugu, eta herri mugakideak zehazki zein diren jakiteko mapan begiratu behar izaten dugu, mendialdean ez baita errepide seinalerik (oraingoz) ageri. Erreka bazterraren alde banatan bi herri daude, baina guk errekastoa baino ez dugu ikusten.

Gorri kolorez inguratuta gaude. Edonora begiratzen dugula, pandemiaren semaforoak gelditzeko argiak piztuta ikusten ditugu.Metafora bat da, noski, gurean ez baitago semafororik. Oraingoz, eutsi egiten diogu (hau idazten ari naizen uneko zerrendan, behintzat), baina badakigu ez dela asko behar izaten kolorez aldatzeko.

Aste honetan indarrean sartu dira COVID-19aren aurrean erakundeek hartu dituzten neurri berriak, guztiak geure burua bakartzera zuzenduta. Kosta egiten da ulertzea hirizentrismotik hartutako neurriak nola ezarri gurean, eta kosta egiten da sinestea landa-guneetako errealitatea, adibidez, aintzat hartzen ari denik.

Barre egiten diogu etxean bakartze-kontzeptuari, hemen metro eta erdiko distantziara egoteko elkarrengana hurbildu egin behar izaten baitugu, baina hala ere, ados, pentsatu genuen, beteko ditugu edo betetzen saiatuko gara, agindutakoak eta baita derrigorrez bete behar ez badira ere, aholku emandakoak. Baina herritik aterako gara, ezinbestean, lanera edo ikastera joateko ez ezik, oinarri-oinarrizkoa eskuratzeko ere.

Egongo dira, eta badaudela ongi dakigu, babes-neurriei uko egiten dietenak uko egite hutsarengatik, baina kasuistika zabalagoa da, nire ustez, errealitatea bera bezain anitza. Alegiazko batezbesteko irudizkoaren neurria absolutua ezartzeak ez du funtzionatzen, denok ez baikara adin ertaineko gizon zuri hiritar, soldatadun, poteozale edo kirolzaleak.

Irizpide orokorrak ulertuta eta denontzat berdin emanda, aniztasuna kontuan hartzea ezinbestekoa dela behin eta berriro entzuten diegu kogobernantzaren bertuteak aldarrikatzen dituzten erakundeei. Goitik behera eta behetik gora aplikatzeko balio du horrek, nik uste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.