Inaki Galdos
ARKUPEAN

Oposizioak

2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Sare sozialetan murgildu ginenetik hartua du euskarak ere bere tokitxoa, eta horregatik hasi dira euskaldunak bertan usadioak sortzen. Xextra politikorako erabiliena den Twitter sarean #esanbeharnuen traola da aspalditxoan sarri ikusi dugunetako bat, pare bat ezaugarri azaleratzen dituena: txiolariak barruan bueltaka darabilen zerbait bota (askatu) beharra, eta idatzi duenaren aurrean zaparrada etorriko zaion susmoa. Bada, arkupe honetara ekarritako hau txio bat balitz, nik neuk ere traol horren babesean idatziko nuke.

COVID-19a iritsi eta berehala hasi zen kalapita Euskal Autonomia Erkidegoan, etenik izan ez duen ika-mika. Apirilaren 5erako deituak zeuden hauteskundeak atzeratzeko martxoaren erdi aldean bizi izan genituenek garbi erakusten zuten nolakoa izango zen giroa handik aurrera, baina goia jotzen apirilean hasi ginen, Iñigo Urkulluk Espainiako Gobernuari lanera itzultzearen aldeko jarrera luzatu zionean. Izugarri gogorrak izan ziren oposizioko hainbat ordezkari eta sindikaturen adierazpenak lehendakariarekiko, ia-ia langileen gupidarik gabeko hiltzailetzat hartzeraino. Errealitatea, ordea, ez zen izan ikuspegi apokaliptiko hura iragartzen zutenek aurreikusitakoa.

Ororen gainetik, dena den, gauza bat egin zitzaigun deigarria batzuoi: zergatik jotzen zen hain gogor neurri bat eskatzen ari zen lehendakariaren kontra eta ez neurria hartu zuen Espainiako presidentearen kontra edota eskaera bertsua luzatu zuen Nafarroa Garaiko presidentearen kontra. Deigarriaz haratago, surrealista ere begitandu zitzaigun jarrera hori Sanchez eta Txibiteren gobernuan dagoen koalizio bateko kideen ahotan Gasteizen entzutea.

Horrela iritsi ginen hauteskundeen atarira. Berriz ere sekulako astrapala, Baina errealitateak erakutsi zigun egokiago izan zela, arazoak arazo, uztailaren 5eko datari eustea, batzuek aldarrikatzen zuten atzerapena baino. Hilabete batzuk lehenago jarduerak normalizatzen hasi zirenean gertatu zen bezala, oraingo honetan ere ez genion inori nabaritu iritzi aldaketa xume bat, onarpen bat, autokritika izpi bat. Guztia berriz izugarri pozoitu zen eskoletara itzultzea erabaki zenean, baina ez dirudi langileez gain umeak ere amildegira eraman nahi zituzten agintari maltzurrak oraingoan ere oso oker ibili zirenik, apokaliptikoen harridurarako. Gauza bat baitzen —baita— arazoak, hutsuneak salatzea eta beste bat etengabe hondamendia iragartzea.

Giro honetan galdetzen diogu geure buruari ez litzatekeen oposizioentzat komenigarriagoa izango beste molde batzuk erakustea. Gobernuak —Eusko Jaurlaritzak— sarri egiten dituen hanka-sartzeak eta erakusten dituen gabeziak irmoki kritikatzeaz eta erantzukizunak eskatzeaz gain, noizean behin euren buruekin autokritikoagoak izatea eta zerbaitetan arrazoirik izan ez dutela aitortzea. Edota onartzea greba bat ez dela arrakastatsua izan, ezarritako gutxieneko (gehiegizko) zerbitzuek ez baitituzte azaltzen jarraipen urru guztiak. Iruditzen zaigu eraginkorra izan nahi duen oposizioak, bereak ez dituen esparruetara iritsi nahi duenak, ezinbesteko duela beste jarrera bat, beste tonu bat.

Eta baita koherentzia handiagoa ere. Bestela, norbaitzuk hobeto azaldu beharko ligukete zer dela-eta erakusten diren sarri muturreko jarrerak erabaki bertsuen —edo berdinen— artean Gasteizen, Iruñean edo Madrilen. Zergatik den onartezina toki batean besteetan balekoa dena. Zergatik den batean garrasien iturri, besteetan txaloak sortzen dituena. Dena ezin du azaldu Nafarroako edota Espainiako eskuin muturraren aurrean babestu beharrak. Horrek azal ditzake hainbat jarrera eta ulergarri egin, baina ez ikusten ari garen kontraesan izugarria, mendebaleko hiru lurraldeen Erkidegoan oposizioa sinesgarriago bilakatu nahi duenak gainditu beharko duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.