elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Intxaur ale batzuk

2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Patchwork moduko bat da Altzako erdigunea. 1390eko elizaren inguruan, kaleko aulki bat LGTBen ostadar koloreekin margotuta dago, eta beste bat, lilaz. Eliza bera adabakiz josita bezala ageri da, harrizko hormen artean porlanezko zirrindara tartekatuta. Plazaren ertz batean bolatokia; hurrena, idi-probetarako gunea, bere harritzar eta guzti. Aldamenean Antton Mendizabalen Lau Haizetara eskultura, eta haren oinean plaka, «Euskaldun berriari aitortza», Bizarrain Euskara Elkarteak sinatua: «Zenbait, 'ni naiz, hi haiz, hura da...'ospetsuan geratu ziren, eskolak gehiagorako eskaintzen ez zielako. Beste hainbatek, ordea, euskaltegira jo, gaitasun nahikoa lortu eta euskaraz bizitzeko hautua egin dute. Altzan ere, honela aritu diren lagun ugari dago, eta guztiek merezi dute gure aitortza». Bestelakoa suertatu zait parean: «deskafeinatu...» hitza bukatzen utzi gabe, «en castellano» agindu dit tabernariak. Patchworka, soziala ere bada.

Altzako kaskotik ikusten dira ekialdera, parez pare, Aiako Harria eta Larhun. Hego-mendebaldera, urrutian, Aralarko Mailoen ilara suma daiteke, eta baita Txindokiren punta ere. Gain horretan, herri menditar baten tankerari eusten dio, nolabait, Altzak. Goian aipatutakoez aparte, erdigunean bada euskal estiloko etxe dotore bat, 1889koa; udaletxea zen, harik eta Donostiak 1940an —gerraoste frankista gordinenean— Altza anexionatu eta bere zerbitzuko auzo bihurtu zuen arte.

Bilakaera horretan zentratu zuen Joan Mari Irigoienek bere lehen liburua Oilarraren promesa (1976). Bigarren argitaraldiko hitzaurrean (2003), esplikazioa: «Diktadurarekin batera Altzan, nire herrian izandako hondamena dut kontagai (…). Paradisu bat zena zementuz ito baitzuten, mila etxe eta beste hainbat dorre egiten zituztela, zabortegiak eta autopista, zentro komertzialak eta harrobiak, modurik antiestetikoenean». Idazleak garaiko egunkarietan argitaratzen ziren iragarkien sloganarekin jokatzen du nobelan: «Pisos en Alza», «y más pisos en Alza (hauek ere zatarrak, noski)». Donostia Altza fagozitatzen ari zen, langile klasearentzako —Espainiako etorkinak asko— blokeak altxatuz.

Patchworkak badu beste puskarik. Iazko abenduaz geroztik bi mural eder daude aurrez-aurre, pareta banatan, Altzako erdialdean: Mikel Zabalzaren Txokoa da. Eskuineko horman Zabalzaren erretratua, zuri-beltzean, bere jatorri eta ibilbideari buruzko irudi sinbolikoz inguratuta. Ezkerrekoan, koloretan, 1985eko sarekada hartan atxilotu zituzten Ion Arretxe eta Idoia Aierbe daude. Bi muraletan errepikatzen diren motibo bakarrak intxaur ale batzuk dira.

Intxaur ale batzuk ageri dira, halaber, Ion Arretxek (Errenteria, 1964-Madril, 2017) idatzitako Intxaurrondo. La sombra del nogal (2015) liburuaren azalean; burmuin odoldu baten ondoan daude, trikornio baten azpian. Arretxeren liburua ez da lotara joan aurretik irakurtzekoa. Hain da izugarria —hitzaren zentzurik jatorrizko eta beteenean— Rodriguez Galindoren feudoan eduki zuten egunetako kontakizuna... Han jasandakoaren berri ematen ari zela, entzuten ari zitzaion epailea behin baino gehiagotan irten omen zen aretotik, ondoezik eroriko ez bazen.

Arretxeren kontakizunean, inplizituki, Zabalzaren hilketa eragin zuen modus operandia igartzen da. Hala eta guztiz ere, panfletoaren antipodan dago errenteriarraren diskurtsoa. Lehenengo eta behin, kontakera goi mailakoa delako, bikaina alderdi literariotik ere; bide batez, 80ko hamarkadan gazte mugitu, langile, kezkatsu baita parrandazale ere baten testigantza autentikoa da berea; belaunaldi eta giro jakin bateko jendearen historia marrazteko aparta.

Altzako herriaren lurrak zirenetan dago Intxaurrondoko kuartela. Arretxeren aitonak esaten omen zuen intxaurrondoaren gerizpea txarra dela, arima hoztu egiten duelako. Hoztu ez, izoztu egiten dute arima kuartel barruko izugarrikeriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.