Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Etxe arinak?

2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Gaiarekin orenak, egunak eta urteak ibil gaitezke eztabaidatzen. Etxebizitzaren arazoa irtenbiderik gabe geratzen baita gure Euskal Herrian. Turismoarekin prezio immobilarioa igotzen ari delarik, hala ere herriaren erakargarritasuna saltzen dute. Bai enpresariek, baita ere botere publikoek, Euskal Herria marka hedatuz eta komertzializatuz.

Lurrak ez du preziorik, eta etxebizitza duin baterako eskubidea ukan beharko genuke, denok. Hori, ametsezko mundu batean. Gaur egun gure herrian bizitzeko aukera kentzen digutelarik lurraren eta etxeen balore ekonomikoan espekulatuz, herritik kanporatzen gaituzte. Exodo luze eta sotil batera kondenatzen gaituzte. Euskal Herrian bizi garenok zuzenki pairatzen dugun errealitatea da. Mugimendu horren oztopatzeko nekeziak ditugu. Gure herrian etxegabe bilakatu arte segituko du prozesuak.

Azken urteotan, etxebizitzen inguruko legeak zorroztuz joan dira. Frantses estatuan behintzat etxeak eraikitzeko arauak aldatzen ari dira. RE2020 arautegiak, berez klima aldaketaren kontrako neurria izaki, etxe berrien egiteko baldintza ekonomiko handiak jarriko ditu. Berri ona; etxe baten arraberritzea, berria eraikitzea baino interesgarriagoa izan daiteke, orain arte alderantziz jotzen zuelarik merkatu ekonomikoak. Eraikitze logika horren ondorioz, etxeak pusatzen ziren onddoak bezala, eta geroz eta laborantza lur gehiago lur eraikigarri pasatzen ziren. Joera horrek lur eremu handiak zapuztu zituen, etxe zaharrak erortzen ari ziren momentu berean.

Modelo bat edo bestea hautaturik ere —eraikitzea edo zaharberritzea— etxe gogorrek inbertsio ekonomiko garrantzitsuadakarte. Ondorioz, etxebizitza arinak ukaiteko xedea handitu da azken hamarkada honetan. Tiny house, mobilhome, yourte edo karabanen formatua hartzen ahal dute etxe horiek. Horien abantaila: merkeak, desmuntagarriak eta mugikorrak dira. 2014. urtetik aitzina, Frantziako Parlamentuak onartu zuen etxe horien baimentzea ALUR legearen bitartez. Legeak dio edozein bizitegi mota eraiki daitekeela lur eraikigarri batean. Gainera, eremu eraikigarrietan izan gabe,hirigintza plana modifikatzen ahalko litzateke leku zehatz batzuetan holako etxebizitzak baimenduz. Arazoa zein da? Hiru hilabeteko muga ez dela gainditu behar. Epea pasatuta, etxea behar baita aldera lekutu. Etxebizitza leku berean atxikitzeko, aldiz, auzapezaren baimena derrigorrezkoa da.

Herrian bizitzeko paradak atzemateko beharretan gabiltza. Maleruski, etxe alternatiboek etsai ugari dituzte. Aurreiritzietarik haratago, paisaiaren aldatzearekin jendea beldurtzen da. Eremu babestuan alimaleko etxeak pusatzen direlarik, zer aldatuko du yourte edo egurrezko etxetxo batek gure paisaia erromantiko horretan? Eskualde batzuetan, ehiztari eta laborari industrialen lobbyek azkarki jotzen dute etxe alternatibo horien aurka: laborantza lurra lapurtzen dutela eta oihanak naturari kentzen dizkiotela argudiatuz. Auzapez anitz, beraz, proposamen berri horien parean uzkur jartzen dira.

Aukera berriak ideki ziren ALUR lege horrekin, baina udal guttik etxebizitza alternatibo horiek onartzen dituzte. Aldiz, nola ekingo diogu jendeen aterpetzeari gure herrian? Tokiko botere publikoek aukera hori balukete etxebizitzaren problematika bati erantzuteko. Erresistentziaz, herritarrek beren etxe arin propioa eraiki eta gero, lurrak okupatzen ahalko lituzkete.

Herritik kanporatzen bagaituzte etxegabetuz, herritarrak lurrez lur ibili gaitezke gure herrian berean nomadak bilakatuz. Hori egin ondoan, nola kanporatuko gaituzte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.