Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Bigarren aldiz

2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Egun gutxi batzuk barru amaren urtebetetzea izango da eta bigarren aldiz ospatuko dugu familia elkartu gabe, bakoitza berean eta elkarrengandik urruti. Joan den urtean pandemiaren gorienean ginen, etxe-itxialdian bete-betean, eta familia-bideo bat grabatu genion, gidoia eta guzti. Lan dezente hartu genuen, baina emaitzak merezi izan zuen: denok hunkitu ginen, ama gehien, ez bertan esaten genizkion kontuengatik, esateko modu arraroarengatik baizik. Lehen aldia zen etxeko adreiluei eusten dien emazte, ama eta amona besarkatu gabe ospatuko genuela haren eguna.

Aurten ez dakit zerbait berezirik egingo ote dugun, baina izatekotan, joan den urtekoa baino zerbait arinagoa, errazagoa, eta, seguruenik, baldarragoa izango da.

Lehen eta bigarren aldiaren artean mundu bat dago eta jadanik bigarren aldien erreskadan sartu gara. Orain badakigu pandemietan ere bigarren atalak eskasak izan ohi direla, literaturan eta zineman gertatzen den legez.

Egoera honek leku hobe batera eramango gintuela uste izan zuten xaloen arteko bat naiz ni. Uste nuen zartako handi honek gu sendo bat sortuko zuela, ordura artekoa baino askoz zabalagoa izango zen gu berria. Aukera argia zen, beharbada sekula izan dugun aukerarik biribilena. Lehen aldiz arazo berbera genuen denok; beste hark zioen bezala, saminean lagun ginen. Lehen aldiz, munduko miseriak, gaitzak eta penak berberak ziren guztiontzat aldi berean, eta sinkronia hori berria zen, sekula ikusi gabea. Berdin ginen guztiok, izuturik: aberatsena eta txiroena, jakintsuena eta arloteena parez pare, guztiok noraezean. Sufrikario berean kide bihurtu ginen bat-batean eta horrek senidetu egingo gintuela begien bistakoa iruditzen zitzaidan. Oker nengoen.

Aspaldiko urteetan ez bezala, batez besteko pobreziaren kurbak gora egin du aurten. Beherakada apalak pilatuz joan gara aurreko hamarkadatan, apalegiak agian, baina beherako norantzan gindoazen. Pandemiak, ordea, eten handi bat ekarri du eta auzune globalean pobreziaren maila handitu egin da lehen aldiz. 2020. urtean 71 milioi lagun berri sartu dira muturreko pobreziaren munduko poltsan, eta nabarmen gehiago dira gosetearen amildegiaren ertzetan dabiltzanak, orekarien moduan, alde okerrera ez erortzeko ahalegin antzuak egiten. Bitartean, gurean txertoa eten egin delako kezkatuta gaude, munduko toki askotan hasi ere ez dela egin, eta noiz hasiko den ez dakitela, ahaztuta edo. Iluntzeko zortzietan ez da inor ateratzen balkoira ahaztuen alde txalo egitera.

Joan den urtean, sasoi honetan, ezohiko egoeran deseroso geunden, baina, aldi berean, jakin-minez. Urtebetean, buelta eman diogu eta orain eroso antzean gabiltza gure errutina berrietan ia-ia ohituta, eta zer zetorren jakiteko irrika apaldu egin da guztiz; kasurik onenean, eguneroko positibo, intzidentzia-tasa eta metaturiko gaixo-kopuruen berri ematen duten datuetan ahitzen da gure egarria. Zerbait hobea sortzeko aukera ikusten nuen nik, eta ikusten dut oraindik, baina denbora luze doa eta ez da egiazko eraldaketarako zantzu handirik ikusten.

Bigarren aldien denbora-tartean sartu gara. Pandemiak eragindako estresaz hitz egiten ari gara eta denok nabari dugu neke moduko bat, sorra. Luze egiten ari da bide hau eta ez dakigu, gainera, zenbat gehiago luzatuko den. Bien bitartean, bigarren aldiz ospatuko dut amaren urtebetetzea amarik gabe, eta bigarren aldiz amets egingo dut egingo ez ditudan Aste Santuko oporrez. Ez genekien bizitza egun batetik bestera alda litekeenik eta orain badakigu askoz zailago dela gu geu aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.