elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Bueltarik gabe

2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Segur aski agur presati bat jaulkita irten da X etxetik, denbora juxtuarekin, arrapaladan, umeei azken musua izango litzatekeena eman gabe. Asteburua gerturatzen ari dela sumatuko zuen, agian, Y-k, goiz argitsu epelak dakarren alaitasuna dastatuz. Z-k aurrean dauzkan egun beteko joan-etorriak errepasatu ditu buruz, azkar batean, iluntzea iristeko irrikaz jadanik. Ez X, ez Y, ezta Z ere, ez ziren berriro etxera itzuli. Ez dira sekula bueltatuko.

Hamasei dira dagoeneko 2021 honetako lehen hiru hilabete eta erdian Euskal Herrian lan istripuz hildakoak. Lau lagunetik gora hilabeteko. Azkena —hau idatzi bitartean— hilaren 8an Abadiñoko enpresa batean zendu zen 55 urteko kamioi gidaria, bi mila kiloko zamak azpian harrapatuta. Aurreko egunean 57 urteko emakume bat hil zen Zuhaiztietako jatetxe batean, karga-jasogailuak zanpatuta. Ez dakit sindikatuek zerrendan sartuko duten, baina lan istriputzat jo daiteke —erasoz egindako hilketa izan arren— Logroñon bizia galdu duen Oiongo 34 urteko janari-partitzailearen heriotza ere.

Hedabideetan albiste zurruna izaten da, ohikoan, lan istripuena. Sarritan, bukaerako argibide jakin eta errepikakor gisa, horrelako formularen bat darama: «Osasun-zerbitzuek heriotza ziurtatu baino ezin izan zuten egin». Informazioa ilustratzeko, istripua gertatu den enpresaren urruneko irudia erabiliko dute; edo kamioi bat iraulita eta txikituta errepidea oztopatuz. Hildakoaren izen-abizenik apenas, izatekotan lankideek antolatutako protesta ekitaldiko pankartan agertuko da, biharamunean. Edo eskelan, eskeletan.

Ikaragarria da lan istripuen izurritea nola naturalizatu den egungo gizartean, gurean, hemengo oasietan, derrigorrean hala beharko balu bezala. Jainkoak Adani jaurtitako madarikazio biblikoa —«zure kopetako izerdiaz irabaziko duzu eguneroko ogia»— txiki, ezdeus, inozente geratzen da gaur egun ezinbesteko zerga gisa onartzen den lan istripuen errealitatearekin alderatuta.

Iazko datuak eskandalagarriak dira. Gehiengo sindikalak —ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru— egindako txostenaren arabera, 2020an 70 lagun hil ziren lan istripuz Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino 24 gehiago; horrek esan nahi du %52 igo zela istripuen kopurua. Eta hori pandemia garaian, alegia, jarduera industriala eta ekonomikoa, oro har, etenda edota geldotuta egon zen urtean. Jasotako datuen arabera, bi sektore azpimarratzendituzte gorriz sindikatuek: eraikuntza eta garraioa, garraio astuna. Beldur naiz garraio arinari ere—Glovo eta beste banaketa enpresa batzuek hirietan darabilten bizikleta eta moto bidezko garraio gero eta ugariagoari— ipini beharko zaiola arreta.

Horiek horrela, ezin ahaztuzoritxarreko 2020a Verter Recycling zabortegiko deskalabruak ezaugarritu zuela; hango langileak ziren iaz lan istripuz hildakoetako bi. Hamalau hilabete pasatuta, Joaquin Beltranen gorpua oraindik ez aurkitu izanak ematen du desmasiaren neurria. Epaileen esku dago erantzukizun penalen afera, baina auzia, zornea darion auzi sozial hori, ezin da bere horretan itxi. Erakundeen aldetik, bereziki Jaurlaritzaren aldetik, hainbat puntu argitzea falta da, oraindik zintzilik dirauten galdera ikurrei erantzutea; autokritika egin eta norabidea zuzentzea. Zaldibarren eta inguruetan garatutako mugimenduak asmatuko ahal du zuziari piztuta eusten.

«Zenbat eta handiago», «geroz eta gehiago», «are eta azkarrago»... Pauta horietan oinarritutako lanaren filosofiak —etapolitika ekonomikoak— hondamendira daramatzate langile presatua, gazte eskarmenturik gabea, garraiolari estresatua. Etxera sekula itzuliko ez diren X, Y eta Z.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.