Inaki Galdos
ARKUPEAN

Futbola, probintzia, aberria

2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Oro har oso ondo joan zen Realaren eta Athleticen arteko finalaren inguruan bi taldeetako zalegoen, jokalarien eta zuzendaritzen arteko giroa. Erabat ondo ez, toki guztietan daudelako txotxoloak, irabazten edota galtzen ez dakitenak. Giroa handik hamabost eguneko finalerako gaiztotu zen neurri batean, batez ere txuri-urdinen jarraitzaile askok bigarren finala Barçak irabazteko nahia adierazi zutenean.

Desio hori azaltzeko orduan arrazoi bat nagusitu zen besteen gainetik, oso logikoa gainera, izan ere, katalanek irabaztekotan toki bat gehiago izango zelako Europarako, eta Realarentzat hori delako orain helburu nagusia. Horiekin batera beste asko ere bai: Zubietatik Lezamara gazteek jauzia ematea nahi ez izateko ez dela komeni Athleticen garaipen handirik, hurbileko zalegoen arteko lehian sentimendu normala dela hori mundu osoan, eta abar luzea; zaletu hainbat iritzi. Ia guztiek (bazter ditzagun txotxoloak hemen ere) garbi utzi zuten sentimendu horrek ez zuela zerikusirik inongo gorrotoarekin, ez dela bateraezina harreman onarekin. Jakina, Bilboko taldeak Barçari irabazteko gogoa erakutsi zuten realzaleak ere ez ziren gutxi izan.

Kontua da, futbolean oso ohikoak diren ika-mika horien aurrean, aspaldion aktibo dagoen joera baten ordezkariak atera zirela errieta egitera, kontuak eskatzera. Probintziakeriak (batez ere Vocento taldeak) maltzurki kutsatuta omen daude Koemanen mutilek irabaztea nahi zuten horiek; are gehiago, hauen euskaltzaletasun eta abertzaletasuna ere zalantzan jartzekoa omen da. Ez goaz hemen lehen kontuarekin gehiegi luzatzera, jakina baita sentimendu hori zutenen artean dozenaka milaka pertsona zeudela —daudela— inoiz komunikazio talde horretako egunkaririk irakurtzen ez dutenak eta gainera saskibaloian, pilotan, aizkoran, txirrindularitzan, arraunean... beste lurraldeetako talde eta kirolarien jarraitzaile sutsuak direnak Gipuzkoakoen gainetik. Ukaezina da kezkagarria dela lurraldeen arteko etengabeko xextra naziogintzaren ikuspuntutik, baina ardura hori futbolaren logikara modu horretan eramatea gehiegitxo da.

Kezkagarriagoa da bigarren kontua. Laburbilduz, irakurri eta entzun dugu oso abertzale kaskarrak direla Athleticek galtzea nahi zutenak; inkesta batean azken hauen kopurua oso handia zenez (%70), realzaleen arteko abertzaletasun eta independentisten tasekin erkatu beharra ere iradoki du norbaitek, kontzientzia faltsuaren (sic) inguruko analisi politikoarekin batera. Eta horrela beste asko han-hemenka. Benetan galbahe estua —eta arraroa— jarri dute abertzaletasunaren neurtzaileek euskal futbolzale askorena (gehienena?) balekotzat emateko.

Badirudi dekretuz ezarri nahi dituztela batzuek sentimenduak. Batzuetan badirudi agertzear dagoela XXI. mendeko Txomin Agirre bat Joanes berri batekin gu bekatarion bizitzak eta pentsamendu maltzurrak zuzentzera, futboletik hasita. Baina iruditzen zaigu, besteak beste bere bihotzeko taldeari komeni zaiolako beste euskal talde batek final bat galtzea nahi duen herritar batek baino askoz ere kalte handiagoa egiten diola naziogintzari sentimendu horren araberako abertzale karnetak banatzen hasten denak, benetako abertzaleen kuadrillan garbiketa egin nahi duenak.

Iaz Espanyol taldea bigarren mailara jaitsi zenean Gabriel Rufianek txio bat idatzi zuen itzuliko zirela aldarrikatzen. Horretarako, argazki bat jarri zuen,Tamudok Valdesi gola sartu zionekoa: Barçari liga bat kendu eta Real Madrili eman zion gol hark. Jende asko haserretu zitzaion probokazioagatik, baina aspaldi du esana Kataluniako independentzia lortzeko garrantzitsua dela perikitoen jarraitzaileak (eta hauen soziologia) ere erakartzea, euren futboleko filia eta fobiak barne. Ez dabil oker ERCko diputatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.